argia.eus
INPRIMATU
Larunbateko manifestazioa “abiapuntua” besterik ez dela izan adierazi du Euskara Aurrera ekimenak
  • Euskararen aldeko “olatu berri eta berritu bat” altxatzera deitu du, elkarlana oinarri. Administrazio publikoei eskatu die euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten hizkuntza politikak garatzeko.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 25
Argazkia: Sara Ibarguren

Prentsaurrekoa egin du asteartean Euskara Aurrera ekimenak, larunbateko manifestazio jendetsua baloratu eta aurrera begirako erronkak ezartzeko. Gazte Euskaltzaleen Sareko Malen Frantsesenak eta Pantailak Euskaraz taldeko Alex Aginagaldek hartu dute hitza. Larunbateko manifestazioarekin “oso pozik” daudela eta “indarberrituta” irten direla azaldu dute. Kopuruez harago, lorpen handi bat azpimarratu dute: “euskalgintza eta gizartean” piztu diren “poza eta ilusioa”.

“Jauzi indartsu bat” egiteko garaia dela adierazi du Euskara Aurrerak, eta horretarako bi helburu nagusi nabarmendu dituzte. Batetik, euskararen aldeko “olatu berri eta berritu bat” altxatzera deitu dute. Manifestazioa urrats “erraldoia” izan dela ziurtatu dute, baina aldi berean “abiapuntua” besterik ez dela. Orain arte bezala “lankidetza” oinarri izango dutela adierazi dute Aginagaldek eta Frantsesenak, eta dei egin diete herritarrei udazkenena antolatuko diren euskararen aldeko ekimenetan parte hartzera.

Administrazioetatik baldintzak sortu

Bestetik, Euskara Aurrerak “euskararen lurralde osoko” administrazioei dei egin die “beren ardurak” hartu eta hizkuntza politikak berriak garatzera. Ekimenaren ustez herritarren “borondate hutsa” ez da nahikoa euskaraz bizitzeko: “Euskaraz bizi eta aritu ahal izateko baldintzak sortu egin behar dira”. Hori errealitate bihurtzeko neurriak hartzeko eskatu diete administrazioei.