argia.eus
INPRIMATU
Larunbateko bi gazteen heriotzarekin, 2010etik 31 pertsona hil dira N-121A errepidean
  • Larunbat arratsaldean gertatu zen ezbeharra. Bi autoen arteko talka izan zen  baina okerrena atzetik zetorren kamioiarekin kolpea hartu zutenean etorri zen, barruan ziren bi gazteak hil egin baitziren. Beste bost pertsona zauriturik izan ziren. Azken 10 urteotan 31 pertsona hil egin dira N-121 errepidean.

Euskalerria irratia @fm983irratia ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 13a
Olaguen izan zen istripua larunbatean.

Arratsaldeko 19:50ean gertatu zen istripua. 4x4 auto batek aurrez aurre jo egin zuen atoia zeraman beste kotxe batekin N-121 errepidean Olague parean. Bigarren kotxe honek kontrola galdu eta atzetik zetorren kamioi baten kontra jo zuen aurrez aurre. Barruan ziren bi gazteak hil egin ziren. Mikel Manzano, Igantziko 21urteko bizilaguna eta Xabier Taberna Donostiarra bainan Arantzan etxea duen 19 urteko gaztea dira hildakoak. Biak lagunak ziren. Beste bost pertsonek zauriak izan zituzten.

SOS Nafarroaren arabera, biak berehala hil ziren, eta bertaratu ziren medikuek heriotza baieztatu baino ezin izan zuten egin. Suhiltzaileek atera zituzten gorpuak, eta Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zituzten. Han egingo diete autopsia.

Foruzaingoko trafikoko sei patruila, atestatuak eta Iruñeko Herritarren Segurtasuneko patruila bat bertaratu ziren istripuaren lekura, baita suhiltzaileak eta anbulantziak ere. Foruzaingoa istripuaren arrazoiak ikertzen ari da.

4.000 kamioi egunero

(ARGIAren informazioarekin) Azken hamarkadan, errepide honek zeharkatzen duen Nafarroako zatiko instituzio eta herritarrek era askotan eskatu diote Nafarroako Gobernuari har ditzala neurriak errepidean dagoen kamioi trafiko handia gutxitzeko. Horretarako, eskualdeko alkateek bilera ugari egin dituzte ordezkari instituzionalekin eta herritarrek hainbat mobilizazio era bai.

Azken hamar urteetan 31 lagun hil dira errepide honetan, eta azken 25 urteetan 193 izan dira. Nafarroa osoan heriotz gehien duen errepidea da. Udal eta herritar gehienen aldarrikapena da errepide honetako trafiko astuna, nazioarteko kamioiak, A-15etik desbideratzea, haien ustez hori baita horretarako prestatutako azpiegitura. Eskaera hau bultzatzen ari den plataformaren esanetan, Behobiara 20 kilometro gehiago dira A15etik joanda, baina denbora aldetik berdintsu da, "batez ere kamioiek eraman beharreko abiadura errespetatuko balute, gaur egun gertatzen ez dena", dio Mikel Uriarte Olagueko kontzejuko alkate ohiak.