argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean, ‘zazpiak bat’ Hendaiako sagarno egunean
  • Larunbat honetan sagardo eguna eginen dute Hendaian. Duela hogei urte inguru hasi ziren  egun hori ospatzen, baina urte pare bateko deskantsua eta gero, iaz berreskuratu zuen ekimena Balea elkarteak.

Garazi Zabaleta 2017ko ekainaren 15a
Hendaiako sagardo egunaren aurreko edizio bateko irudia (argazkia: Antxeta irratia).

Aurtengo edizioan, aldiz, badago zerbait berria: ‘Zazpi probintzietako sagarno eguna’ izanen da Hendaiakoa, lehen aldiz, Jesus Arzallus Baleak elkarteko kideak azaldu bezala. “Zuberotar bat aurkitu genuen, Iruriko auzapeza, sagardoa egiten hasia zena. Orduan ikusi genuen posible zela zazpi probintzietako sagardoarekin egitea sagardo eguna”, dio Arzallusek.

Izan ere, sagardo tradizioa bereziki Gipuzkoarekin lotu izan badugu betidanik, Lapurdin bertan sorpresa eraman dute Baleak elkartekoek: Etxean sagardoa ekoizten dutenak uste baino gehiago dira, sei bat sagardogile topatu dituzte horretan ari direnak. Nafarroa Beherean ere, Irulegiko arnotegitik hasita eta bertako jendeak bultzatuta, sagardoa egiten eta saltzen ari dira. “Badago tradizioa, eta badago jarduera garatzeko gogoa ere”, dio Baleak elkarteko kideak.

Larunbateko hitzordua

Urteko ekimenik arrakastatsuenetarikoa du Baleak elkarteak Sagardo Eguna. “Badu ‘gantxoa’ jendea erakartzeko, sagardoak erakartzen du eta sagardo eguna herrikoia da oso”, azaldu du Arzallusek.

Iaz bezala, aurten ere Errepublika plaza betetzea espero dute antolatzaileek, eta horretarako egitarau zabala antolatu dute: arratsaldeko bostetatik aurrera txalaparta, bertsolariak, herri kirolak, taloak, eta noski, sagardoa izanen dute hurbildutakoek. Sagardotegi bakoitzaren ondoan, gainera, Hendaiako elkarteak egonen dira jateko pintxoak eskaintzen.