argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean Tosura egingo den martxara joateko dei egin dute
  • Larunbatean Getxoko Tosu landara joango den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Tosu Betirako asanbladak. Urriaren 21ean ingurua berriz okupatu ostean eraikitako etxolaren alboan egun dute agerraldia, buzo zuriz jantzita eta aurpegiak maskaratxoz estalita; abenduaren 16an egingo den martxara doazenei ere halako bana emango diete, mobilizazioa "ikusgarriagoa izateko eta Andra Mariren suntsipenak ekarriko duen kutsadura salatzeko".     

Unai Brea @unaibrea2 2017ko abenduaren 14a
(Argazkia: Unai Brea)

Urriko okupazioak ekintzaileek obra eremutik kanpoko zelai zati bat berenganatu bazuten ere, Eusko Jaurlaritzak akordioa egin du landa osoaren jabe den Viviendas de Vizcaya enpresarekin, eta honenbestez Tosuko belardi osoa inguratuko duen hesia ari dira eraikitzen langileak. Haiek jardunean ziren bitartean eta hainbat ertzainen begiradapean eman dute prentsaurrekoa Tosu Betirakoko kideek.   

Hain zuzen, Jaurlaritzaren eta Viviendas de Vizcayaren arteko "akordio ilun" hori irregulartasuntzat jo dute, hala nola "Getxoko Udalak landan bertan bizi den auzokideari errolda ukatu izana, landan etxolarik ez dagoela argudiatuz".

Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da zapatuan manifestazioa Bidezabalgo metro geltokitik Tosurantz. "Obren hasierak ezustean harrapatu gintuen arren, ez daukagu etsitzeko asmorik", adierazi dute.