argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena
  • Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko abenduaren 26a
Hatortxu Rock

"Jaialdia bere amaierara heldu da baina jaialdia sorrarazi zuten arrazoi guztiak ez dira desagertu. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak euskal gizartearen inplikazioa behar beharrezkoa du oraindik. (…) Honela, Hatortxu badoa, baina erreminta berriei bide emateko", erranez eman zuten Hatortxu Rocken bukaeraren berri antolatzaileek. Atarrabian iraganen da larunbatean orain arteko formatuan bideraturiko jaialdia, eta uztailaren 24tik 27ra, berriz, "historikoa" izan nahiko lukeen azkena, Lakuntzan.

Hamazazpi taldek osatuko dute Hatortxu Rocken azkenaurreko eta 29. edizioa: ETS, Süne, Maskak, Marabiyak Sound, DJ Reymi, Tatxers, Lendakaris Muertos, Roba Estesa, Sofokaos, Les Testarudes, Goxua’n Salsa, Apotheke, Toc, Arene 6, Kop, Su Ta Gar eta Unidad Alavesa.

Jendartearen bizi ohituretan egondako "eraldaketa sakonek" eta "agertoki politiko berriek" elkartasun eta inplikazio forma berriak "ezinbesteko" egiten dituztela erranik, azalberritzeko ordua du euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko topalekuak. Baina, aitzin, ospatu nahi dute egindako bidea: "Helburu genuen dispertsioaren amaiera lortuta baina haien etxerako bidean egiteke dagoenaz jakitun, erarik onenean eman nahi diogu amaiera. Elkartasun forma berriei bide emanez umiltasunez eta egindako bideaz harro".

1999an egin zuten Hatortxu Rock estreinakoz, eta 30. edizioa izanen da 2025eko uztailekoa.