argia.eus
INPRIMATU
Igandean mobilizazioa deitu du Donostian Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak
  • Gipuzkoako hiriburuko kaleak Amnistia aldarriz betetzera deitu ditu herritarrak Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Manifestazioa egingo dute igandean, 13:00etan Bulebarretik abiatuta.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 08a

"Inoiz baino argiago, amnistia da bidea" lelopean mobilizazioa egingo dute igandean, hilak 12, Donostian. Manifestazioa 13:00etan abiatuko da Bulebarretik, eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak dei egin die herritarrei bertan parte hartzera.

Kaleak hartzeko arrazoiak ez direla falta adierazi du mugimenduak, "beste urte batez, preso politiko, iheslari eta deportatuak badirelako", "beste urte batez, errepresioak bere milaka aurpegiekin euskal herri borrokalaria zigortzen eta txikitu nahian jarraitzen duelako", eta "beste urte batez, Euskal Herriak zapaldua, esplotatua eta zatitua jarraitzen duelako".

Amnistiaren aldarria kalera ateratzeari garrantzitsu deritzote, mugimenduaren eginkizuna izanik beronen "eduki politikoa zabaltzea". Azken urteetan egin den kontzeptuaren zenbait erabilerarekin ezados agertu da mugimendua, eta azpimarratu amnistiaz mintzatzerakoan iheslari eta deportatu politikoen askatasunaz ez ezik, beste hainbat kontuz ere ari direla: "Amnistia deritzogunean, errepresioaren aurka borrokatzeaz ari gara ere, elkartasuna sustatzeaz, okupazioa salatzeaz, indar errepresiboak kanporatzeaz... Baina amnistia ez da hau bakarrik. Amnistia militante politikoei errepresioa jasatera eraman zien baldintzak desagerraraztea dakar, hau da, zapalkuntza nazional eta soziala desageraraztea".