Iparraldean baserriek bizirik irauteko eta nekazari hasi berrientzako lurrak eskuratzeko lan egiten duen Lurzaindia elkartea Baionan mobilizatuko da larunbatean –otsailak 2, goizeko 08:00etan– Herri Elkargoak bilkura egingo duen eraikinaren atarian. Kostaldeko herriek dagoenekoz lur asko artifizializatu dutela salatu eta Kanboko planifikazioan 10 hektarea gehiago laborantzatik espekulaziora pasa ez daitezela eskatuko dute.
Lurzaindiak bere laguntzaileei zabaldutako oharrean dioenez, "Errobi herri elkargoko laborantza lurrak %21ez murriztu dira 2000 eta 2010 artean, eta lurraldeak laborarien %34a galdu du. Errealitate tristea da. Otsailak 2 larunbatarekin, euskal elkargoko hautetsiek Kanboko PLU [udaleko hirigintza plana, frantsesezko sigletan] proiektuaren alde edo kontra bozkatuko dute. Alde bozkatzen badute gaur egun laborariek baliatzen dituzten 10 ha laborantza lur galduko dira, artifizializatuak eta betirako galduak".
Laborantza enplegu sortzaile dela adierazi du Lurzaindiak, soro eta zelaiak nekazaritzan erabiliz ekoizpena, eraldaketa eta merkaturatzea batzen direlako erabilera horretan. "Lurraldearentzat erakargarri da eta paisaiak mantentzen ditu. Kalitatezko laborantza eremuko aniztasunak elikadura sanoaren erronkari erantzuten dio, tokikoa, baita klima erronkei ere".
Lurzaindiak herritarren laguntzarekin lur eremuak erosten ditu –eta hala nahi duten lur-jabeek heredentzian borondatez elkartearei utzitako lurrak eskuratzen– eta horietan maizter hartzen ditu nekazaritzan hasi nahi eta lurrik eskuratu ezinik dabiltzan laborari gazteei. Aspalditik turismoak eta azken urteotan etxe barreiatuak eraikitzeko espekulazioak izugarri garestitu du lurraren prezioa denetan eta horri bere ahalekin aurre egiten saiatzen da Lurzaindia.
Larunbat eguerdian Baionako fakultatera azaltzeko dei egin die gaiaz arduratuta dauden herritarrei, Herri Elkargoak bertan egingo duen bilera hasi baino lehen: "Ama lurra mantentzeko, zatozte saldo handian fakultatera Baionan goizeko 8tan".