argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean irekiko dute Gasteizko Sorginenea etxe feminista
  • Emakumeek zuzendutako emakumeentzako proiektu feminista jarriko dute abian Etxanobe etxean.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko irailaren 18a
Sorginenea etxearen aurkezpena (Argazkia: Gasteizko Udala)

Sorgineneak larunbatean irekiko ditu ateak, "emakumeen jabetzarako gune" izateko helburuarekin jaio den etxeak. "Gizartea eraldatzeko gunea, betiere partaidetzaren bitartez eta bizitza-iraunkortasunaren irizpidetik abiatuta", adierazi dute etxeko kideek goizean egindako agerraldian. Emakume guztiei egin diete gonbita Etxanobe etxera gerturatu eta egitasmoa eraikitzen hasteko. Larunbatean 11:00etatik 23:00etara egingo duten jaialdiarekin emango diote hasiera: "Emakume guztiei egiten diegu dei, denok ospatu ahal izateko Arabako hiriburuarentzat hain egun sinbolikoa eta historikoa izango dena, hainbeste urtetako lan nekaezinaren ostean lortu duguna".

Bereziki, herri hezkuntza feminista ikusarazi eta ezagutaraztea du helburu Sorgineneak, emakumeen partaidetza sustatu nahi du eta eztabaidak eta ikerlana bideratu. Sorginenearen jaiotza-urtea izango denez, lehentasuna emango zaie gunea hiriko emakumeen artean ikusarazi, ezagutarazi eta beren parte-hartzea sustatzera bideratutako jarduerei. 

"Sorginena proiektu feminista da, emakumeek zuzendua, eta emakumeentzako. Topagunea izan nahi du, elkar aintzat hartzeko leku bat, hortik abiatuta toki partekatuak identifikatu eta sortu ahal izan ditzagun. Interkulturalitate kritiko feminista eraiki nahi dugu, jakintzen trukearen bidez, aniztasunaren aberastasuna aintzat hartuz, eta emakume guztien partaidetza sustatzearen bitartez, euren beren errealitatea aldatzeko gaitasuna duten subjektu diren aldetik", azaldu dute arduradunek.

Sorginenearen kudeaketa-eredua konpartitua da, batetik Udalaren Berdintasun Zerbitzuaren, eta bestetik parte hartu nahi duten emakume guztiak ordezkatzen dituen Sorginenean Emakumeen Etxea elkartearen artean.

Irizpide hauek zuzenduko dute Sorginenea: leku segurua eta konfiantzakoa izango da, inklusiboa, irekia eta anitza, emakume guztientzako, eta erabat independentea inongo alderdi edo mugimendu politikoren, kolektibo, entitate edo guneren aurrean.