Su-etena hausteko arriskua erreala izan bada ere aste guztian zehar, adostasun batera iristeko bidean dira bi aldeak: bahitu gehiago askatuko lituzke Hamasek, laguntza Gazara sarrarazteko bidea ez oztopatzeko "promesa" egin duelako Israelek. Arabiar Ligako herriek otsailaren 27an eginen dute gailur berezi bat Egipton, hain justu, Palestinako egoerari buruz hartu beharreko jarrera amankomuna adosteko.
Su-etenaren oinarrian adosturikoa betetzen ez dela ikusirik –nagusiki, Gazara laguntza sarrarazteko bidea oztopatzen ari delako Israel–, tregoa hausteko arriskua areagotu egin da aste hastapenaz geroztik. Hala ere, Hamasek berretsi egin du su-etenarekin aitzina egiteko determinazioa, baldin eta Israelek bere betebeharrak betetzen baditu. Ostegun arratsalde honetan baieztatu du Hamasek, adosturikoari segi, bahitu gehiago askatuko dituela larunbatean, hain zuzen ere, laguntza Gazara sarrarazteko bidea ez oztopatzeko "promesa" egin dielako Israelek.
AEBetako presidente Donald Trumpek mehatxu egin die Gaza "infernu" bihurtzen utziko diola Israeli, Hamasek gatibuen hurrengo trukea egiten ez badu.
Ahmed Abul Gheit Arabiar Ligako presidentearen adierazpenak dira: "Ehun urtez borrokatu gara palestinarrak lekuz aldatzeko ideiaren aurka, ez dugu orain amore emango". Arabiar herriek aho batez hitz egin dute Gazako zerrenda hustu eta AEBk kontrolatuko luketen lurralde bihurtzeko Donald Trump presidentearen xedearen kontra. Gainera, etxera itzultzeko eskubiderik ez zaiela bermatuko adierazi zuen Trumpek otsailaren 10ean Fox News-i eskainitako elkarrizketa batean.
Otsailaren 5eko Trumpen planari segi, Jordaniak eta Egiptok hartu beharko lituzkete beren lurretatik kanporaturiko palestinarrak. Arabiar Ligak argi dauka gaur Gazako herritarrekin egin nahi duten garbiketa etnikoa bihar Zisjordanikoekin bideratuko dutela.
Otsailaren 11n bildu zen Trumpekin Jordaniako errege Abdallah II eta proposamen horri buruzko bere "oposizio fermua" berretsi zion. Erantzun gisa, Egiptori eta Jordaniari banatu dirulaguntzak moztuko dizkietela jakitera eman zien AEBetako presidenteak. Azken finean, "minibizia edota larriki eri diren 2.000 haur" hartzeko adostasuna jakinarazi zion.
Arabiar Libako herriek otsailaren 27an eginen dute gailur berezi bat Egipton, hain justu, Palestinako egoerari buruz hartu beharreko postura amankomuna adosteko.