Iruñean ekingo diote, larunbatean, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 42. edizioari. Bederatzi saio egingo dituzte bi hilabetean eta txapelketaren finala martxoaren 28an izango da, Elizondon. 33 parte-hartzailek eman dute aurtengo edizioan izena, inoiz baino bertsolari gehiagok, antolatzaileen arabera.
Abenduan egin zen kanporaketaren ondorioz, 30 bertsolarik ekingo diote txapelketaren final-laurdenei asteburu honetan. Iruñean ez ezik, Irurtzunen ere kanporaketa jokatuko da asteburu honetan, igandean. Fase honen lekuko ere izango dira Zubiri, Lizarra eta Lakuntza eta finalaurrekoetarako 18 bertsolari sailkatuko dira.
Finalera sailkatzeko Berriozarren, Lesakan eta Burlatan lehiatuko dira bertsolari nafarrak eta azken saiorako zortzi lehikide geldituko dira. Elizondoko pilotalekuan izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala, martxoaren 28an. Txapelketaren inguruko xehetasun guztiak bertsozale.eus webgunean topatu daitezke.
Asteazkeneko aurkezpenean Lorea Arburuak bertsoa.com-i egindako adierazpenak: