argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean etengo dituzte Alemaniako azken hiru zentral nuklearrak
  • Alemaniako zentral nuklear guztien jarduna 2022 urtea bukatu baino lehen etetea zen Alemaniako Gobernuaren asmoa. Baina Ukrainako Gerraren eta Errusiatik iritsitako gasaren murrizketen ondorioz, epemuga hori lau hilabetez luzatzearen alde bozkatu zuen parlamentuko gehiengoak. Orain, energia berriztagarrien alde egingo dutela diote.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 14a
Emsland zentral nuklearra Lingenen, Alemaniako mendebaldean.

Alemaniako Gobernuak martxan diren azken hiru zentral nuklearrak –Isar 2, Neckarwestheim 2 eta Emsland– larunbatean deskonektatuko dituela iragarri du. Alemaniak 2002an hartu zuen energia nuklearretik aldentzeko erabakia, 2011n Angela Merkelek azkartu zuen prozesu hori, Fukushimako hondamendiaren ondoren.

Euronewsek jakitera eman duenez, oposizioak eta herrialdea gobernatzen duen aliantzako kide batzuek salatu dute erreaktoreak "beharrezko segurtasun kontrolik gabe" funtzionatzen ari direla. Wolfgang Kubicki Demokratak Libre alderdiko buruak elkarrizketa batean adierazi du Alemaniak mundu osoko zentral nuklear seguruenak dituela, eta deskonektatzea "akats dramatikoa" litzatekeela, ondorio ekonomiko eta ekologiko mingarriekin.

Alemaniako Ingurumen Ministerioak esan du zentral nuklearrak indarrean mantentzea "legez kanpokoa eta garestia" izango litzatekeela. Hiru erreaktoreak segurtasun kontrolpean jarri ziren azken aldiz 2009an, eta normalean 10 urtean behin kontrolatu behar dira.

BEE Alemaniako Energia Berriztagarrien Federazioko zuzendari Wolfram Axthelmen ustez, zentral nuklearrak ez dira beharrezkoak Alemania hornitzeko. Horretarako, haize eta eguzki bidezko energien erabilera azpimarratu du, energia berriztagarrien alde eginez.