Ibai Trebiño eta Mikel Arregi ARGIAko kolaboratzaileek Ukraina, Krimea eta Donbassen jaso dituzten lehen eskuko testigantzetan oinarrituta dago lana. Dozenaka lagunen diru ekarpenari esker ondu duten dokumentala Arrasateko Amaia Antzokian eskainiko dute 19:30ean.
2014an piztu zen gerra Donbass eskualdean eta haren nondik norakoak kontatzen ditu Trebiño eta Arregiren dokumentalak, 2015ean Ukrainara egindako bidaietan Europako kazetari gutxik jaso duten lehen eskuko testigantzez lagunduta. Euskal Herriko jendartearen gehiengoarentzat ezezaguna den gudaren testuingurua eta ondorioak azaldu nahi dituzte ARGIAk sustatutako dokumentalaren bidez.
Euskal Herrian sortua, euskaraz pentsatua eta baliabide gutxiagorekin eginik ere, munduko geopolitikaren lehen lerroko gai bati heldu diote. Ia urtebetez luzatu den prozesuaren ostean 44 minutuko lana prestatu dute bi kazetariek. Dokumentalaren jatorrizko bertsioaz gain –euskaraz–, gaztelaniazkoa ere jasoko dute DVDan. 1.000 aleko tirada inprimaketa prozesuan da, eta laster kalean eta sarean salgai izango dira.
Lehen ikustaldi publikoa larunbatean, hilaren 11an izango da kazetarien sorterrian, Arrasateko Amaia Antzokian arratseko 19:30ean hasita. Sarrera irekia izango da.