argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean, “estatuen indarkeria eta errepresioa” salatuko ditu EHKSk Donostian
  • Egun osoko jardunaldi politikoaren barruan, manifestazio bat egingo du 19:30ean, Gipuzkoa Plazatik abiatuta. "Azken asteotako jazarpen polizialaren eta errepresioaren" kontra mobilizatuko dira.

Gedar @GedarLangileKZ 2024ko martxoaren 15
Argazkia: Linas Korta

Larunbat honetarako, martxoaren 16rako, egun osoko jardunaldi politiko bat antolatu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), Donostian (Gipuzkoa). Estatuen joera autoritarioa lantzea da asmoa, eta hainbat hitzaldi izango dira horretarako: langileon eskubide politikoen aldeko borrokari buruz, inperioalismoari eta gerrari buruz, faxismoari buruz, edota hauteskunde-zikloari buruz. Egitarau zehatzaren berri eman du jada EHKSk, saio bakoitza zer ordutan eta non izango den zehaztuta.

Jardunaldiaren barruan, eta "azken asteotako jazarpen poliziala eta errepresioa" salatzeko asmoz, manifestazio bat ere izango da azkenean. EHKSk gaur argitaratu du deialdia: egunaren amaierarako, mobilizazio bat antolatu du Donostian bertan, Estatuen indarkeriari eta errepresioari aurre egin! lelopean. Gipuzkoa Plazatik hasiko da protesta, 19:30ean.

Zazpi zauritu foam jaurtigaiekin, eta hamaika atxilotu

Deialdia egitean, EHKSk gogoan izan ditu azken asteetan Euskal Herrian jasandako jazarpen eta errepresio kasu guztiak; esaterako, Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietako kargak, Bilbokoak (Bizkaia) eta Donostiakoak zenbait futbol partidaren aurretik, Gasteizkoak (Araba) Martxoaren 3ko manifestazioan, eta abar. Karga horietan guztietan, dozenaka lagun zauritu ditu Ertzaintzak; azken hilean, gutxienez zazpi pertsona zauritu ditu foam jaurtigaiekin.

Karga horietako batzuetan hainbat pertsona hartu dituzte atxilo ertzainek. Hori gutxi balitz, aurreko astean, Indar Gorri taldearen kontrako sarekada erraldoi bat izan zen Nafarroan, eta Lapurdiko sei gazte militante atxilotu zituzten polizia-indarrek.

Poliziaren berezko izaera

Eraso horiek guztiak salatuko ditu EHKSk larunbateko mobilizazioan. Iritzi dio gertakari horiek "agerian uzten" dutela "Poliziaren eta, oro har, estatu kapitalistaren egiazko izaera". Izan ere, nabarmendu du "estatuek langile-klasea otzan mantentzeko baliatzen" dituztela "errepresio-aparatuak".

Alde batetik, "langileriaren hainbat adierazpenen aurka jardun eta Estatuaren zirkuitu formaletatik kanpo gelditzen den oro jazartzen" dute modu horretan, EHKSk seinalatu duenez. Bestetik, "Poliziaren eta epaitegien bitartez, protesta sozialaren eta antolakuntza politiko independentearen kontra egiten" dutela ohartarazi du, eta "krisi-garaian areagotzen ari den ezegonkortasuna kontrolpean mantentzeko" asmoz egiten dutela hori.

EHKSk argitu du Poliziaren "jarduteko modu hori" ez dela "polizia-ereduaren edo kudeatzaileen araberako auzi bat", ezkerreko alderdi parlamentarioek hori "saldu nahi" duten arren. Aitzitik, Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak azpimarratu du seinalatzen ari den horixe bera dela "errepresio-aparatuek estatu kapitalisten baitan duten oinarrizko funtzioa".

Erreforma autoritario orokorra

"Estatu kapitalisten erreforma autoritario orokor baten aurrean gaude, bizitzen ari garen krisi-garaiari lotuta", laburbildu du EHKSk. "Langileon aurkako erasoaldi ekonomikoaren eskutik", "burgesia bere dominazio politikorako tresnak indartzen" ari dela gogorarazi du, eta horrek gutxienez bi dimentsio dituelakoan dago: "kanpo-politikan, estatu kapitalistak berrarmatzen eta gerrarako prestatzen" ari dira, eta, "barnera begira, errepresio-aparatuak indartzen ari dira".

"Joera horri aurre egitea" ezinbestekotzat jo du EHKSk, batez ere, "langile-klasearen interesak eta borrokarako baldintzak hedatzea helburutzat dutenentzat". "Estatuen indarkeria eta errepresioa borrokatu eta haien normalizazioaren kontra egin behar dugu", erantsi du.