argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean Bilboko eta Baionako manifestazioetara batzeko dei egin dute, bake integrala lortzea “denon ardura” baita
  • Bi manifestazioak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira, La Casillatik eta Errepublika plazatik. “Elkarbizitzarako ezinbestekoa da ezberdinen batasuna”, adierazi dute Orain Presoak dinamikako kideek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 10
Argazkia: Sare.eus

Urteroko legez, larunbatean euskal presoen aldeko manifestazioa egingo da Bilbon; baina aurten Baionan ere egingo da. Arratsaldeko 17:00etan ekingo diote: Bilbon La Casillatik eta Baionan Errepublika plazatik. Azaroaren 19an Irunen eginiko agerraldian eman zuten horren berri. “ETAren armagabetzearen eta disoluzioaren ondorengo garai hau da euskal presoen unea”, adierazi zuten bertan.

Iaz bezala, aurten ere, Espainiako eta Frantziako Gobernuei “bake justu eta iraunkor” baterantz urratsak egiteko eskatuko diete Bakegileek eta Orain Presoak dinamikak. Horretarako, salbuespeneko neurriak kentzea beharrezkotzat ikusten dute: “Giza eskubide arruntak bermatzeko ezinbestekoa da”.

Urriaren 20an Donostian egindako manifestazioaren hurrengoa izango da larunbatekoa. Sare Herritarrak adierazi duenez, asmoa “argia” da: “Bake iraunkor eta integral baterako oinarriak gizartearen aktibaziotik etorri behar dira eta denon ahalegina beharrezkoa da”. Elkarbizitzan bizitzeko duten nahia azpimarratu dute.

Preso gaixoen aldeko urratsa

Gaixo dauden presoak aske uzteko baldintzak arindu ditu Espainiako Gobernuak: 03/2017 instrukzioa indargabetu du. Orain arte “hilzorian” zeuden presoak baino ez zituzten etxeratzen, eta urte berriaz geroztik, legea ez da hain zurruna izango. Sare Herritarrak, instrukzioaren indargabetzea positiboki baloratu arren, susmoa du ustelkeria leporatuta preso dagoen Eduardo Zaplanaren kasuak –leuzemia du– bultzatuta datorrela lege aldaketa.