argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean 1.000 zuhaitz landatuko dituzte Zangozako Oinez Basoan
  • Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta bertako ikastolak antolaturik, Zangozako zabortegi zaharreko lurra berreskuratuko du basoak, “La Celada” deituriko parajean. Bertan jaurtiko ditugu Argia Egunean haziz eta buztinez eginiko nendo-dango bolaxkak ere.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2015eko urtarrilaren 14a
Larunbatean gailu honekin jaurtiko ditugu Argia Egunean eginiko 60 hazi eta buztin bolak.

Oinez basoak helburu bikoitza dauka: batetik, Nafarroa Oinezen antolaketak sortzen duen kalte ekologikoa gutxitzea eta bestetik ikasleengan ingurumenaren zainketaren ardura zabaltzea. Nafarroako Ikastolen Elkarteak landatuko duen laugarren basoa izango da larunbatean hasiko den Zangozako Oinez Basoa.

11:00etan hasiko da ekitaldia eta Udaleko ordezkariak landatuko du lehen zuhaitza. 11:30ean hamaiketako herrikoia egingo dute eta 12:00etan egingo da landaketa (bakoitzak, etxetik, bere tresnak eramatea gomendatzen da: aitzurrak, palak, eskuareak...).

ARGIAk bere alea jarriko du Oinez Basoan, bertan jaurtiko baitira 2014ko Argia Egunean Usurbilen egin genituen hazi eta buztinezko nendo-dango bolak. Hauetatik erdiak Usurbilgo erraustegia egiteko zapalduriko lurretan jaurti ziren, eta beste erdiak dira Zangozan jaurtiko ditugunak. Jaurtigailu erraldoiak jolasa ziurtatuko du.

Zangozan euskararen eta ingurumenaren aldeko eguartea pasa nahi duenak aukera ederra dauka larunbatean.

Urtean zehar osatuz joango den baso jangarria

Larunbatekoa hasiera besterik ez da izango. Aurten guztira 3.000 landare aldatzea dute helburu. Baso jangarria da Zangozan landuko dutena, inguruan hain ugari diren ortuen antzerakoa. Otsailean hasiko dira lurra prestatzen, eta landare bakoitza dagokion garaian aldatuko dute. Horrez gain hegaztientzako habia-kaxak ere jarriko dituzte.