Iragan 4an, asteartez, bildu ziren Frantziako Estatuaren ordezkariak, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta Seaska. Ez zuten akordiorik lortu. Hezkuntza Nazionalak ez dio ikastolen elkarteari bost lanpostu baino gehiago onartu.
Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren bisita iragarria dago irailaren 8an, Pauen. Beraz, Seaskak berriz ere, Pauen manifestatzera deitu die euskal herritarrei.
Izan ere, Bordeleko Akademiako errektore Olivier Dugriperekin izandako azken bilkurak –EEP eta Seaskarekin– ez zuen inolako emaitzarik eman. Ikastolen elkarteko zuzendari Hur Gorostiagak “gaur egun indarrean dagoen hitzarmena hemendik hilabete batera berrikusiko dutela”, erran ziguten. Hauxe ere adierazi omen zien: “Seaskarentzat baliabide –irakasle lanpostu gehiago– gehiagorik ez dutela ukanen eta eskakizuna Hezkuntza Ministerioari helarazteko”.
Hartaz gero, Seaskak Pauen manifestazio bat antolatu du larunbat honetan. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak hiriko azoka nagusia bisitatuko du eta goizeko 11:00etan bertan mobilizatzeko deia zabaldu du Seaskak. Ez da berriki antolatu den lehen mobilizazioa, ez azkena izanen, naski.