argia.eus
INPRIMATU
Kurdistan bonbardatzen ari da Turkia larunbat gauetik
  • Azaroaren 19tik intentsitate handiagoz ari da Kurdistani eraso egiten Turkia, bonbardaketak ari baita gauzatzen. Azaroaren 13an Istanbulen jazotako eztandaren erantzule egin du Kurdistango Askapen Mugimendua, eta argudio horrekin ekin dio operazio militar berriari. KNK Kurdistango Kongresu Nazionalak salatu du "bandera faltsuko" atentatua izan zela Istanbulekoa, Turkiak kurduak erasotzeko baliatutakoa. Ildo berean, Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren helburua Rojava inbaditzea dela salatu du PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko azaroaren 21
Argazkia: Derik herrian jende multzoa bilduta, Turkiaren bonbardaketek hildako zenbait pertsona agurtzeko (Argazkia: RiseUp4Rojava)

RiseUp4Rojava plataformak abuztuan publiko egindako Nola errekonozitu gerra bat beronen aurrean zaudenean txostenaren sarreran ohartarazten denez, 2019ko urriaren 17ko "su etenaren" eta Rojavaren aurkako Turkiaren "eraso militar klasikoaren" akaberaren ondotik, kurduen aurkako erasoak ez du etenik izan Turkian, Sirian eta Iraken. "Forma berri bat hartu zuen, estrategek teorizatutako hiru formatako gerrak konbinatuz: intentsitate baxuko gerra, gerra hibridoa eta gerra konposatua", dio txostenak. Gerraren jarraikortasunaren adierazle dira, besteak beste, orduz geroztik Turkiak Bashur-en aurka (Kurdistan hegoaldea, Irakeko Estatuaren mugen barruan) abiatutako operazio militarrak; 2021eko apirilean Claw Lighting (tximistargi-erpea) operazioa abiatu zuen, eta urtebeteren buruan, 2022ko apirilean, Claw-Lock (erpe-blokeoa) operazioa. Batean zein bestean, "helburu terroristen aurka" abiatutako operazioak zirela argudiatu zuten, Turkiako Gobernuak terroristatzat jotzen baitu PKK Kurdistango Langileen Alderdia. Azken asteetan, Turkia arma kimikoak erabiltzen eta gerra krimenak gauzatzen ari dela salatu du Kurdistango Askapen Mugimenduak.

Azaroaren 19az geroztik, Kurdistanen aurkako erasoaren intentsitatea igo du Turkiak, bonbardaketa bidezko erasoei eman baitie bide. Pence Kilic izena jarri dio Irakeko iparraldera eta Siriara bideratutako azken operazio militarrari, eta Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi duenez, erasoa eremu horietara begira prestatu dute, beren herrialdearen aurkako "eraso terroristentzako base bezala erabiltzen direlako". Beren hitzetan, operazioaren helburuak ondokoak liratezke: PKK, KCK (Kurdistango Erkidegoen Batasuna), YPG (Herriaren Babeserako Unitateak) eta bestelako elementu terroristak "neutralizatzea", "terrorismoa sustraitik suntsitzea", mugetako "segurtasuna bermatzea" eta beren herrialdearen eta segurtasun indarren aurkako "eraso terroristak prebenitzea".

Gerra-hegazkinek larunbat gauean ekin zioten Kobane hiria eta inguruak bonbardatzeari, eta Rojavatik Qandil mendietaraino, erasoek ez dute etenik izan ordutik. RiseUp4Rojavak jakinarazi duenez, Rojavako, Siriaren ipar-ekialdeko eta Hego
Kurdistango eremu liberatuen aurka egin dute erasoek, Kobane, Derik, Sehba, Minbic, Zirgan/Dirbesiye eta Til Temir hiriak eta eskualdeak bonbardatuz, baita Gare, Qendil eta Medya defentsa-guneak ere. Igandeko datuetan oinarrituta, gutxienez 29 dira hildakoak.

Hiri sinbolikoa da bonbardaketen lehen jopuntu izandako Kobane, bertatik abiatu baitzen 2012an egun indarrean dirauen iraultza, Rojavako autogobernua hezurmamitzea posible eginez. Erasoa abiatu zenetik Turkiak hainbat punturi eraso egin badie ere, oldarraldiaren zati handiena Rojavako eremura bideratu du, eta ez dirudi kasualitatea. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak itzulingururik barik adierazi du berentzat Turkiaren helburua zein den: Rojava inbaditzea. Are, helburu horrekin akusazio faltsuak erabiltzea leporatu dio Recep Tayyip Erdoganen Gobernuari. Izan ere, Süleyman Soylu Turkiako Barne ministroak pasa den azaroaren 13an Istanbulen (Turkia) jazotako eztandaren erantzule egin zituen PKK eta PYD. Atentatuaren egiletzat akusatutako antolakundeek publikoki ukatu dute halakorik.

KNK Kurdistango Kongresu Nazionaleko Gobernu Batzordea ere mintzatu da Turkiaren azken erasoen eta akusazioen gainean; salatu du Istanbulekoa "bandera faltsuko" atentatua izan zela eta kurduen aurkako guda argudiatzeko baliatu dutela. Hala adierazi du: "Erortzear den Erdoganen erregimenak boterean iraun dezake soilik Kurdistanen okupazio neo-otomandarraren aurkako herri kurduaren erresistentzia historikoa garaitzen badu. Taksim-eko erasoarekin, Turkia kurduek burututako terrorismoaren biktima gisa aurkeztu nahi du Erdoganek, Rojavari eraso egiteko argi berdea lortzeko G20aren Baliko goi-bileraren testuinguruan. Eta badirudi lortu duela, turkiar erregimena ez baita gauza bere kabuz horrelako erasoak abiatzeko; ISIS Garaitzeko Koalizio Globalaren onarpena behar du, bereziki AEBena". Hori esanda, NBE, EB, AEBak eta ISIS Garaitzeko Koalizio Globala interpelatu dituzte, Turkiak abiatutako gerra gelditzeko esku-hartu ezean, Kurdistango herrian aurka burutzen ari diren erasoaren erantzule izango direla ohartaraziz.

Geurera etorriz, Askapena erakunde internazionalistak salatu du "NATOren isiltasun konplizearekin" ari dela Kurdistan erasotzen Turkia.

Iran ere erasoan

RiseUp4Rojava plataformak azaroaren 22an publiko egindako oharraren bidez, gogorarazi du Turkia "Rojava eta Hego Kurdistan masiboki bonbardatzen" ari den bitartean, Iran ere Kurdistan bonbardatzen ari dela. Azpimarratu dutenez, Mahsa Amini gaztearen hilketak eztandarazitako protesten aurrean errepresioa gogortu egin da Ekialdeko Kurdistanen (Rojhilat) eta Iranen. "Egoera honek, beste behin ere, herri kurduaren errealitatea erakusten du; zer nolako egoerei aurre egin behar dion bizitzaren burujabetasuna eskatzen duenean", egin dute irakurketa.

Mobilizazioak

Gertakariek sumindurik, Kurdistandik harago, munduaren luze zabalean hedatu dira Turkiaren erasoen aurkako eta Kurdistanen aldeko mobilizazioak. Euskal Herrian ere hasi dira deialdiak zabaltzen: azaroaren 22an, Kaleak hartzen ditugu, Kurdistan defendatzen dugu! lelopean, elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, 19:00etan La Mirada oroitarriaren ondoan; azaroaren 23an, Turkiar estatua hiltzailea. Kurdistanen basakeria eta genozidioa geldituko ditugu lelopean, elkarretaratzea egingo dute Bilbon, Arriagan, 19:00etan; eta azaroaren 24an, 19:30ean deitu dute mobilizazioa Donostian, Biteri Plazan.

Horrez gainera, Rojavako herriari babesa adierazteko, RiseUp4Rojavak mobilizatzera eta ekintzak burutzera dei egin dio jendarteari, azaroaren 30etik abenduaren 2ra.