Elkarretaratze jendetsua egin dute Beasainen (Gipuzkoa) ostiral eta larunbat arteko gauean izandako bortxaketa salatzeko. Lanera bidean zela, 21 urteko emakumea bortxatu zuen gizon batek. Halaber, Iruñea eta Santurtzin ere sexu erasoak salatu dituzte asteburuan, eta Sestaon izandako beste eraso bat salatuko dute astelehenean.
“Erasoen aurrean erantzun kolektiboa antolatu” lelopean arbuiatu dute Beasaingo bizilagunek asteburuan izandako bortxaketa. Ehunka pertsona bildu ziren Beasaingo Bideluze plazan, eta Aitor Aldasoro herriko alkateak bortxaketa gaitzetsi du, eta biktimak eta familiak “behar duten edozer” emateko udalaren prestutasuna adierazi du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako prentsa-oharrean indarkeria matxista lehen mailako arazoa dela adierazi du: “Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da, botere harremanetatik garatua, eta bere helburua emakumeen azpiraketa mantentzea da”.
Elkarretaratzeak Iruñea eta Santurtzin
Iruñean (Nafarroa) eta Santurtzin (Bizkaia) ere bertako jaietan izandako sexu erasoak salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte. Euskal Herriko hiriburuan hilaren 6an jazotako erasoa salatu dute, eta Santurtzin, berriz, larunbat gauean 19 urteko gizon batek adin bereko emakume bati egindako ukituak salatu dituzte. Santurtziko erasotzailea Portugaleten atxilotu zuten gau berean.
Sestaoko erasotzailea ere atxilotua
Larunbat arratsaldean emakume batek bere bikotekideak eraso zuela salatu zuen, liskar baten ondoren. Lepotik eutsi, bultza eta laban batekin mehatxatu zuela salatu du biktimak. Egun berean atxilotu zuen gizona Ertzaintzak, eta gaur goizean epailearen aurrera eraman dute, genero-indarkeria delitua egotzita.