“Larrun gure altxorra da” lelopean, kanpaldi herrikoi eta parte hartzailea antolatu du Aman Komunak sareak urriaren 13rako eta 14rako.
Antolatzaileek jakinarazi dute nahi duen oro joan daitekeela Euskal Herriko tontorrik bisitatuenetarikoan egin nahi duten plataforma turistikoa salatzera eta proiektu horren aurka lanean dabiltzan elkarteei babesa erakustera.
Azaldu dutenez, larunbatean 14:00etan izango da hitzordu nagusia baina horretaz gain eztabaidak eta asanbladak ere egingo dira asteburu osoan. Baita adierazpen kulturalak ere. Hori dela eta, bakoitzak nahi duen musika tresna eraman dezake kanpaldira.
Parte hartzaile guztiek, etxetik eraman beharko dute lo zakua, edalontzia, platera eta esku argia. Datozen asteetan emango dituzte xehetasun gehiago.