argia.eus
INPRIMATU
Larrialdiko laguntzak bideratuko dituzte Bermeoko sutean kaltetutakoentzat
  • Zauriturik ez, baina 70 bat kaltetu utzi ditu ostegun goizaldean Bermeoko alde zaharrean piztutako suteak. Lehentasuna etxea galdu dutenei laguntzea dela adierazi du herriko alkate Idurre Bidegurenek eta Udaletik, Bizkaiko Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik hainbat neurri jarri dituzte martxan, egoerari aurre egiteko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko apirilaren 12a
Azken hiru hamarkadetan Bizkaian egon den suterik handiena izan da Bermeokoa. Finanzas.com

Hala, kaltetuentzat bi etxebizitza prest ditu atzotik Bermeoko Udalak, beste hiru eskaini ditu Busturialdeko Mankomunitateak eta herrian saldu gabe dituen beste 75 utzi ditu Foru Aldundiak. Horrez gain, krisi mahaia eratu du Udalak hainbat eragilerekin: Gurutze Gorria, suhiltzaileak, SOS Deiak eta babes zibila.  Goiko Plazako zentro sozialean Gizarte Ongizateko Patronatuko langileak, Gurutze Gorriko zerbitzuekin elkarlanean, laguntza psikosoziala ematen ari dira, kasuan kasuko beharrei erantzuteko asmoz.

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, "norbanako larrialdiko laguntzak" eta laguntza sozialak bideratuko ditu kaltetuentzat, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo jakinarazi zuenez.

Kaltetuek, orain, aseguru-etxera jo behar dute. Hilabeteak iraun ditzakete izapideek, eta poliziaren ikerketaren menpe ere egongo da aseguru-etxeek neurriak lehenago edo beranduago hartzea. Zantzuen arabera lonja batean sortutako zirkuitulabur bat izan da sutearen arrazoia, eta hala bada, lonja horren jabearen aseguratzailera joko lukete gainontzeko aseguru-etxeek.

Azken hiru hamarkadetako suterik handiena

Azken hiru hamarkadetan Bizkaian izan den suterik larriena izan da Bermeokoa. Ostegun goizaldeko hirurak aldera piztu zen, alde zaharreko Nardiz'tar Jon kaleko eraikin batean. Lau etxebizitza kiskali eta erori dira, beste hiru oso kaltetuta daude eta beste hainbatetan ere izan du eraginik suak. Atzo arratsaldera arte, suhiltzaileek ez zuten lortu sutea erabat kontrolpean izatea.

Atzokoa, Bermeok jasan duen zazpigarren sutea izan zen. 1927an, 1347an, 1360an, 1422an, 1503an eta 1722an suak hartu zuen herria. 1503koa izan zen bortitzena, herri guztira zabaldu ziren sugarrak eta handiak izan ziren eragindako kalteak.