Asteburuan larrialdiko ebakuntza egin diote etxegabe bati eta asteartean jasoko du alta. “Gasteizko Udalak ez dio inolako etxebizitza alternatibarik eskaini, ezta osatu ahal izateko espaziorik ere”, salatu du Gasteizko Alde Zaharreko Auzoan Bizi sareak.
Auzoan Biziko kide den gizonak oinarrizko elikadura eta beharrezko dituen medikamentuak ezin dituela lortu gaineratu dute.
Neguan Ostatu Emateko Gasteizko Bitartekoak martxan jarri gabe jarraitzen duela kritikatu du sareak, eta ondorioz, asko direla “garai luze honetan kalean bizitzera behartuta daudenak”. Bitarteko hori zabaldu ordez, harrera sozialerako udal zentroko eta aterpeko plazak “modu intermitentean handitzen eta murrizten” dituela dio sareak, eta larriak direla “neguan ahalik eta baliabide gehien murrizten dituzten politikek izan ditzaketen ondorioak”.
Gogora ekarri dute politika horien ondorio direla “neguan tragedia gisa aurkeztuko dizkiguten heriotzak”, duela gutxi Bilbon hil den etxegabea kasu.