argia.eus
INPRIMATU
Birusaren bakarrizketa
“Larrialdiko balazta aurkitzen ez zenioten makina gelditzera etorri naiz”
  • Utz iezaiozue, gizaki maiteok, gerrarako dei barregarriak egiteari. Utzi mendekuzko begirada horiek niri zuzentzeari. Baztertu ni izendatzean darabilzuen izu estalkia. Gu, birusak, munduaren jatorri bakterianotik, lurreko bizitzaren benetako continuum-a gara. Gu gabe ez zenuten egunaren argirik ikusiko, lehen zelulak ere ez zukeen ikusiko.

Lundi Matin 2020ko apirilaren 10a

Zuen arbasoak gara, harriak eta algak bezala, eta tximinoak baino askoz gehiago. Zaudeten lekuan gaude, eta ez zaudeten tokian ere bai. Unibertsoan zuen antza duena soilik ikusten baduzue, zuen kalterako da! Baina, batez ere, utzi esateari ni naizela zuek hiltzen ari dena. Ez zarete hiltzen ari zuen ehunei egiten diedanagatik, baizik eta zuen antzekoak zaintzeari utzi diozuelako. Zuen artean planeta honetan bizi den guztiarekin bezain harroputz izan ez bazinate, oraindik ere ohe, erizain eta arnasgailu nahikoak izango zenituzkete zuen biriketan eragiten ditudan hondamenei bizirauteko. Zaharrak hiltegietan eta hurko osasuntsuak hormigoi armatuzko arratoi-etxeetan pilatuko ez bazenituzte, ez zinatekete egoera honetan aurkituko. Atzora arte oraindik oparoa, kaotikoa, bizitzaz betea zen munduaren zabaltasuna eraldatu izan ez bazenute —edo, hobeto esanda, munduen—, Berdinaren eta Gehiagoren monolaborantzarako basamortu bilakatu ez bazenute, ezinezkoa litzaidake zuen eztarrien konkista planetarioari ekitea.

" Ez zarete hiltzen ari zuen ehunei egiten diedanagatik, baizik eta zuen antzekoak zaintzeari utzi diozuelako"

Azken mendean ia denak bizimodu berdin eta jasanezin baten kopia erredundante bihurtu izan ez bazinate, ez zinatekete zuen zibilizazio edulkoratuaren uretan abandonatutako euliak bezala hiltzeko prestatzen ariko. Zuen inguruak hain espazio huts, garden, hain abstraktu bihurtu izan ez bazenituzte, ziur egon ez nintzatekeela hegazkin baten abiaduran mugituko. Zuen aurka aspaldi eman zenuten epaia exekutatzen ari naiz. Barka iezadazue, baina zuek zarete, nik dakidala, "Antropozeno" terminoa asmatu duzuenak. Hondamendiaren ohore guztia zuen buruei egotzi diozue; orain, gertatzen ari dela, beranduegi da hari uko egiteko. Zuen artean zintzoenek ondo dakizue hori: ez dut konplize handiagorik zuen gizarte-antolaketa bera baino, "eskala handiaren" eta bere ekonomiaren erokeria, sistemarekiko zuen fanatismoa. Sistemak bakarrik dira "zaurgarriak". Gainerakoa bizi eta hil egiten da. Kontrola eta bere hedapena eta hobekuntza lortu nahi duenarentzat bakarrik dago zaurgarritasuna. Begiratu egidazue arretaz: jaun eta jabe den Herioren beste aurpegia baino ez naiz.

Utziozue beraz ni errudun egiteari, salatzeari, jazartzeari. Nire aurrean durduzatuta geratzeari. Hori guztia haurrentzako da. Begirada alda dezazuela proposatzen dizuet: adimen inmanente bat dago bizitzan. Ez da beharrezkoa subjektu izatea oroitzapen edo estrategia bat izateko. Ez da beharrezkoa subiranoa izatea erabakitzeko. Bakterioek eta birusek ere lortu dezakete euria egitea eta eguzkiak distira egitea. Beraz, begiratu nazazue zuen salbatzaile gisa, lurperatzaile gisa baino gehiago. Libre zara ez sinesteko, baina larrialdiko balaztarik aurkitzen ez zenion makina gelditzera etorri naiz. Bahituak zinduzkaten jarduera geldiaraztera etorri naiz. "Normaltasunaren" aberrazioa agerian uztera etorri naiz. "Gure elikadura, gure babesa, gure bizi-baldintzak zaintzeko gaitasuna beste batzuen esku uztea erokeria izan da" … "ez dago aurrekontu mugarik, osasunak ez du preziorik": begira nola trabatzen ditudan zuen agintarien mingainak eta adimenak! Begira nola murrizten ditudan beren benetako merkatari miserable eta harroputz izatera! Begira nola bat-batean azaleratzen diren ez bakarrik alferrikako gisa, baizik eta kaltegarri gisa! Haientzat ez zarete beren sistemaren erreprodukzioaren euskarria besterik, hau da, esklaboak baino are gutxiago. Planktonari ere ematen diote zuei baino tratu hobeagoa.

"Ez utzi amildegira eraman zaituztetenei handik ateratzen saia daitezen: infernu hobetuago bat prestatuko dizuete, hilobi are sakonago bat"

Baina ez ezazue alferrik xahutu energiarik haiek gaitzespenez betez, beren mugak aurpegiratuz. Arduragabekeriagatik salatzea, merezi dutena baino gehiago ematea da. Ordea, galde iezaiozue zuen buruei nolatan egin zaizuen hain errez gobernatzen uztea. Irtenbide txinatarraren merituak goraipatzea britainiarraren aurrean, soluzio inperial-legistarena metodo darwinista-liberalaren aurrean, ezer ez ulertzea da, ez bataz ez besteaz, ez bataren eta ez bestearen izugarrikeriaz. Quesnaytik, "liberalek" inbidiaz begiratu izan diote beti Txinako Inperioari, eta hala egiten jarraitzen dute. Anaia siamdarrak dira. Batek zeure onerako konfinatzea, eta besteak "jendartearen" onerako, une honetan nihilista ez den jokabide bakarra zanpatzea da: norbera, maite dituzunak eta ezagutzen ez ditugunetan maite duguna zaintzea. Ez utzi amildegira eraman zaituztetenei handik ateratzen saia daitezen: infernu hobetuago bat prestatuko dizuete, hilobi are sakonago bat. Ahal duten egunean, haraindian patruilatuko dute beren armadekin.

Emazkidazue eskerrak. Ni gabe, zenbat denbora gehiagoz emango lukete beharrezkoak itxuraz eztabaidaezinak diren gauza horiek guztiak, zeinen etetea berehala dekretatu baita? Globalizazioa, lehiaketak, aire-trafikoa, aurrekontu-mugak, hauteskundeak, kirol-lehiaketen ikuskizuna, Disneyland, fitness-aretoak, saltoki gehienak, legebiltzarra, eskola-kuartelamendua, masa-pilaketak, bulegoko lan gehienak, metropoli monaden bakardade larrituaren alderantzizkoa besterik ez den soziabilitate hordi hori guztia. Ikusten duzue: horrelako ezer ez da beharrezkoa premia-egoera agertzen denean. Emazkidazue eskerrak datozen asteetan pasatuko duzuen egiaren frogagatik: azkenean zuen bizitza propioan biziko zarete, jasanezina den horri modu batera edo bestera eusten dioten milaka ihesbiderik gabe.

"Emazkidazue eskerrak datozen asteetan pasatuko duzuen egiaren frogagatik: azkenean zuen bizitza propioan biziko zarete, jasanezina den horri modu batera edo bestera eusten dioten milaka ihesbiderik gabe"

Ohartu gabeak zineten inoiz ez zaretela zeuen existentzia propioan kokatu. Kartoizko kutxen artean bizi zineten eta ez zenekiten. Orain zuen maiteekin biziko zarete. Etxean biziko zarete. Heriotzarako bidean egoteari utziko diozue. Baliteke zure senarra gorrotatzea. Baliteke zure seme-alabak mesprezatzea. Agian zuen eguneroko bizitzako dekoratua dinamitatzeko gogoa piztuko zaizue. Egia esan, banaketaren metropoli horietan jada ez zineten munduan. Zuen munduak bizigarri izateari utzi zion bere puntu guztietan, etengabe ihesi joan ezik. Hain zen handia itsusitasunaren presentzia, non higiduraz eta distrakzioz zorabiatu beharra baitzegoen. Eta itxurakeria nagusi zen izakien artean. Hain eraginkorra bihurtua zen dena, ezerk ez zuela zentzurik. Eskertu egidazue hau guztia, eta ongi etorri lurrera!

Niri esker, denbora mugagabez, ez duzue lanik egingo, zuen seme-alabak ez dira eskolara joango, eta hala ere oporren kontrakoa izango da erabat. Oporrak kosta ahala kosta bete beharreko espazioa dira, lanera itzultzeko irrikaren esperoan. Baina zuen aurrean irekitzen den hau, niri esker, ez da espazio mugatu bat, irekiera ikaragarri bat da. Zuek deskolokatzera etorri naiz. Inork ez dizue ziurtatzen aurreko ez-mundua itzuliko ez denik. Baliteke zentzugabekeria errentagarri hau guztia amaitzea. Ez badizuete ordaintzen, zer litzateke naturalagoa alokairua ordaintzeari uztea baino? Zergatik jarraitu behar du bankuko kuotak ordaintzen lan egin ezin duenak? Ez al da suizida baratze bat erein ezin den lekuan bizitzea? Dirurik ez izateagatik ez zaio jateari utziko, eta burdina duenak badu ogia, Auguste Blanquik zioen bezala. Emazkidazue eskerrak: zuen izakiak, isilean zuen bizitzak egituratzen zituen bidegurutzearen oinean jartzen zaituztet: ekonomia edo bizitza. Zuen esku dago. Jokoan dagoena historikoa da. Edo gobernariek ezartzen dizuete zuen salbuespen egoera, edo zuek asmatzen duzue zuena. Edo egia ikusten duzue, edo burua borreroaren aizkorapean jartzen duzue. Edo orain ematen dizuedan denbora baliatzen duzue geroko mundua irudikatzeko, orain gauden kolapsoaren irakaspenetatik abiatuta, edo hau erabat erradikalizatuko da. Hondamendia ekonomia gelditzen denean amaitzen da. Ekonomia hondamendia da. Hau tesi bat zen joan den hilabetea baino lehen. Orain gertaera bat da. Inori ez dio ihes egiten zenbat polizia, zenbat zaintza, zenbat propaganda, zenbat logistika eta zenbat telelan beharko den erreprimitzeko.

"Zaindu zuen lagunak eta zuen maiteak. Hausnartu ezazue berriro ere haiekin batera, modu subiranoan, bizimodu justu bat. Sortu itzazue biziera oneko konglomeratuak, zabal itzazue, eta ez dut ezer egiterik izango zuen aurka"

Nire aurrean ez eman amore, ez izuari, ez ukazioaren bulkadari. Ez eman bide histeria biopolitikoei. Hurrengo asteak izugarriak izango dira, ikaragarriak, krudelak. Herioren ateak parez pare egongo dira zabalik. Produkzioaren suntsiketaren produkziorik suntsitzaileena naiz. Nihilistak ezerezera itzultzera nator. Mundu honen bidegabekeria ez da inoiz eskandalagarriagoa izango. Zibilizazio bat lurperatzera nator, ez zuek. Bizi nahi dutenek ohitura berriak sortu beharko dituzte, beraientzat egokiak izango direnak. Ni saihestea berrasmatze honetarako aukera izango da, distantzien arte berri honetarako. Agurtzearen arteak, non batzuk instituzioaren forma bera ikusteko bezain miopeak ziren, laster ez du inolako etiketarik izango. Izakiak ezaugarrituko ditu. Ez egin "besteengatik", "biztanleriarengatik" edo "jendartearengatik", egin ezazue zuengatik eta zuen kideengatik. Zaindu zuen lagunak eta zuen maiteak. Hausnartu ezazue berriro ere haiekin batera, modu subiranoan, bizimodu justu bat. Sortu itzazue biziera oneko konglomeratuak, zabal itzazue, eta ez dut ezer egiterik izango zuen aurka. Hau ez da diziplinara masiboki itzultzeko deia, arreta jartzera baizik. Ez kezkarik ezari deia, arduragabekeriaren amaierara baizik. Salbazioa keinu bakoitzean dagoela gogorarazteko beste modurik ba al nuen? Dena txikitasunean dagoela?

Ebidentziari amore eman behar izan diot: gizateriak planteatu gabe jarraitu ezin dituen galderak baino ez dizkio planteatzen bere buruari.