argia.eus
INPRIMATU
Larrialdietarako laguntza sozialen eskaerak gainezka egin du Barakaldon
  • Lau hilabetez laguntzak eskatzeko aukera itxita izan ostean, eskariei bide eman die Barakaldoko Udalak. 1.400 familia inguruk eskatu dute hitzordua lehen egunean.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 05
(Argazkia: Barakaldo Digital)

Astelehenean, otsailak 4, Barakaldoko Udalak larrialdietarako laguntzak eskatzeko epea zabaldu zuen. Barakaldo Digital-ek dioenez, lehen zazpi orduetan 1.378 familiak egin zuten laguntzak eskatzeko hitzordu eskakizuna. Berri-Otxoak gizarte-bazterketaren kontrako plataformak esandakoaren arabera, hitzorduen itxaron zerrenda apirilera artekoa da.

2018ko urritik itxita mantendu du laguntzak eskatzeko aukera Barakaldoko Udalak, eta lau hilabete hauetan pilatutako eskaera guztiak kolpean jaso ditu. Berri-Otxoak plataformak urtarrilean publiko egindako komunikatuan azaltzen zuenez, eskaerei bide ez emateko Udalbatza Lakuaren xedapen batez baliatu izan da, zeinak aurrekontu urria izateagatik larrialdietarako laguntzak ukatzea ahalbidetzen duen. “Udal Gobernuak, murrizketak egiteaz gain, ‘administrazio prozedura erkidea’ bezalako eskubideak urratzen ditu”, salatu zuten.

Larrialdietarako laguntzen eskaerei bidea ixteaz gain, oinarrizko beharrizanen gastuetarako laguntzak ere sistematikoki murriztu dituela jakinarazi zuen plataformak urtarrilean. Azpimarratu zutenez, murrizketokin Barakaldoko 2.400 familiatik gora izan dira kaltetuak.