Jendez lepo egoten direnez larrialdiak, lau ordu inguruko itxaronaldiak daude “larrialdi gutxiko” egoeretan.
Bi gazte sartu dira Nafarroako Ospitaleko larrialdietara, arratsaldeko bostak dira, eta osteguna da. Harrerara hurbildu, eta ondoezaren berri eman du gazteetako batek: “Mina hartu dut besoan, eta erradiografia bat egiteko eskatu didate”. Harrerakoak paper bat eman dio, eta ahots goxoz esan dio itxaron gelan egon behar dela pantailan bere zenbakia agertu arte.
Di-da batean pasa da lehengo kontsultatik. Bertan, ikusten dute zer duen, nork artatu behar duen eta zer-nolako larritasuna duen. Galdera batzuk egin ostean, pantailan bere zenbakia agertzean, traumatologoak ikusiko duela esan dio. “Zenbateko itxaronaldia dago?”, galdetu du esku batekin besoa eusten duelarik. “Lasai hartu; luzerako duzu. Gaur normalean baino jende gehiago dago”, erantzun dio langileak.
Kontsultatik atera, eta beste itxaron gela batera sartu da. Jendez lepo dago gela, eta gehienak burua makurturik daude. Asko bakarrik dauden arren, beste asko lagun batekin doaz. “Paziente bakoitzeko pertsona bat”, dio kartel batek. Hala ere, badira batzuk jende gehiagorekin joan direnak.
Besoan kolpea hartu duen gazteak mina duen arren, aurpegi ona dauka. Inguruan aldiz, denbora luzez esperoan daraman jendearen etsipen aurpegiak ikusten dira. Martak –izen asmatua da– hiru ordu daramatza esperoan. Lanean zorabiatu da, eta ia konortea galdu du. “Uste dut okerrago jartzen ari naizela hemen itxaroten”, esan dio ondoan duenari.
Itxaron gelak jendez lepo jarraitzen du, eta jendea mugitzen den arren, ematen du pantailan ageri diren zenbakiak ez direla aldatzen. Bat-batean soinu bortitz bat entzun da, eta pantailan zenbaki bat aldatu da. Soinua entzuten den bakoitzean jendearen begirada azkar doa pantailara.
Itxaron gelako izkina batean lorik geratzen ari den pertsona bat dago, eta beste izkina batean aldiz ordenagailuarekin etengabe lanean ari den norbait. Pantailako soinua entzun, ordenagailua korrika hartu eta kontsultan sartu da.
Lau ordu eta erdi inguru pasa dira bi gazteak sartu direnetik. Ondoan, beste gazte bat dago. Lau ordu daramatza esperoan. Bakarrik egon da arratsalde osoa, baina bere ama heldu berri da
Etsipena
Hiru ordu pasa dira besoan mina duen gaztea sartu denetik. Dagoeneko aurretik iritsi den jende asko artatu dute, baina ordena larritasunaren araberakoa da: “Etsituta nago”.
Itxaron gelan geroz eta aurpegi latzagoak ikusten dira. “Ezin dut gehiago; noiz da nire txanda?”, entzuten da tarteka. Beste batzuk altxatzen hasi dira, eta bertan dauden makinetako patata poltsak jaten ari dira. Ogitartekoak jaten ari den jendea ere badago. Bitartean, pantailako zenbakiak ez dira ia aldatzen.
Lau ordu eta erdi inguru pasa dira bi gazteak sartu direnetik. Ondoan, beste gazte bat dago. Lau ordu daramatza esperoan. Bakarrik egon da arratsalde osoa, baina bere ama heldu berri da: “Badakit ez zenuela ni etortzerik nahi, baina heldu batekin bazaude agian kasu gehiago egiten dizute”.
Soinua berriz entzun da, eta gazteak kontsultara sartu dira. “Kaixo! Zer moduz zaude? Sentitzen dut asko egon zarelako esperoan”, esan dio ahots leunaz medikuak. Izandako pazientzia eskertu dio: “Ez da erraza gaizki zaudetenean denbora luzez esperoan egotea. Gainera, ez bada larria helduagoak direnek lehentasuna dute”. Ostean, kolpeaz hitz egiten hasi dira, eta segituan erradiografia egitera bidali du. “Erradiografia egin ostean itzuli berriz kontsultara”, esan dio.
Hamabost minutu inguru pasa dira kontsultatik atera, erradiografia egin, eta berriz medikuarekin egon denetik. “Ez nuen espero hain azkarra izatea”, esan dio gazteak. “Prozesuak luzatu ez daitezen dena jarraian egiten dugu”, erantzun du medikuak. Besoa osatzeko azalpen guztiak eman dizkio eta etxera bidali du.
Zalantza guztiak argituta eta kontent atera da gaztea. “Luze egon naiz esperoan, baina arreta ona eman didate. Asko gustatu zait nola azaltzen dituen gauzak”, esan dio lagunari. Gauzak hartu, eta etxera joan dira.