Larunbaterako 11:00etan jarri dute hitzordua Baionako geltoki aitzinean sindikatuek. Deialdiari juntatu dira beste elkarte, kolektibo zein alderdi zenbait ere, tartean, Cimade edota Alda elkarteak.
Eskuin muturraren aurkako manifestaziora deitu dute ondorengo sindikatuek: Cfdt, CGT, ELB, FSU, LAB, Solidaires, UNSA eta lizeotarren USL. Deialdiarekin bat egin dute Alda, Cimade zein bestelako kolektibo batzuk ere. Larrialdi soziala, demokrazia lanjerrean lelopean eginen dute protesta, eta larunbaterako 11:00etan jarri dute hitzordua Baionako geltokiaren aitzinean. Eskuin muturrari bidea mozteko esperantzarekin, "ikaraldi demokratiko eta sozial" baten aldeko deia luzatu dute sindikatuek aho batez. Argi dute: eskuin muturrarekin langileria beti aterako da galtzaile eta abisu hori entzunaraziko dute larunbatean.
Frantziako Estatu osoan izanen dira manifestazioak, eta hori hamarnaka elkarte, sindikatu, alderdi zein kolektibok egindako deiari segi. Tartean dira, besteak beste, LDH Giza Eskubideen Liga, AC! langabeen kolektiboa, Attac elkartea zein Ripostes sare antifaxista.
Ekainaren 9an buruturiko Europako Parlamenturako hauteskundeetan lehen indarra atera da eskuin muturreko RN alderdia Frantziako Estatuan –botoen %31,37–, baita Ipar Euskal Herrian ere –botoen %22,7–. Legebiltzarra desegin eta bozketara deitu du Emmanuel Macron presidenteak, ekainaren 30erako eta uztailaren 7rako. Europako Parlamenturako hauteskundeen biharamunean jadanik atera ziren mila lagun Baionako karriketara, faxismoaren aurkako leloak zabaltzeko xedez.
Eskuin muturra boterera heltzeko arrisku errealaz kontziente, RN Batasun Nazionala oztopatzeko hautagaitza bakarra adostearen alde agertu dira ezkerreko alderdiak. EH Bai aukera horren alde azaldu da.
Igande gauerako deklaratu beharko dituzte hautagaitzak alderdiek eta bizkitartean, negoziazio potoloetan dabiltza ezkerreko alderdiak ere, argitzeko alderdi bakoitzak zenbat hautagaitza izanen dituen. Jakin ahal izan denez, 229 izanen ditu Frantzia Intsumisoak, 175 Alderdi Sozialistak, 92 Europa Ekologistak, eta 50 Alderdi Komunistak. Gobernu berriaren lehen ehun egunetarako programa adostu nahian dabiltza, baina desadostasun handiek aliantzak zailtzen dituzte. Besteak beste, dela Palestinari begira hartu beharreko jarrera zein Lehen ministro gisa izendatuko luketen hautagaitzari dagokionez, alderdi guztiek ez dute iritzi bera. Batasun hori mantentzearen aldeko deia edo presioa ere entzunaraziko dute herritarrek larunbateko manifestazioen bidez.