argia.eus
INPRIMATU
Galizieraren aldeko ekintzaileen helburu nagusia: larrialdi linguistikoa gelditzea
  • Hizkuntza bizia orain! egin dute oihu galizieraren aldeko milaka manifestarik Santiago de Compostelan (Galizian) joan den igandean. 2024ko hondarrean, azken inkestako datuek pozteko arrazoirik ez zuten eman: ezagutzak eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. Marcos Maceira Queremos Galego plataformako bozeramailea Galiziako Gobernuaren jarreraz kexu da: “Gobernua elebitasun adeitsuaz ari da hizketan eta 15 urtetik beherakoen herenak ez daki galizieraz hitz egiten”.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2025eko otsailaren 25
Galizieraren alde egin zuten Queremos galego plataformak antolatutako manifestazioan, Santiago de Compostelan, otsailaren 23an. Queremos galego.

Larrialdi linguistikoari aurre egiteko eta Galiziako Gobernuaren hizkuntza politika aldatzeko eskatzeko elkartu dira milaka galiziera hiztun, otsailaren 23an. Han izan diren alderdi politikoek, gizarte mugimenduetako taldeek eta galizieraren alde borrokan ari diren elkarteek gogoratu dute PP gidari duen gobernuak hamabost urte daramatzala galizieraren aurkako politikak egiten.

Marcos Maceira manifestazioa antolatu duen Queremos Galego plataformako kidea da, eta horrela laburtu dio hizkuntzaren egoera Nòs diario hedabideko kazetariari: “Gobernua gai da elebitasun adeitsuaz hitz egiteko, eta eskolan galiziera hitz egiten sartzen diren umeen %70 gaztelaniaz hizketan ateratzen dira; hainbat ikasgai galizieraz ematea debekatuta dago edo murriztuta; telebistako eskaintzaren %0,9 dago galizieraz; jostailuen %0,6 daude galizieraz; eta justizian galizieraren erabilera %1 baino txikiagokoa da”.

Ez dira hilabete asko pasa galizieraren aldeko azken manifestazioa egin zutenetik. 2024ko azaroan elkartu ziren, urrian Galiziako Estatistika Institutuak hizkuntzaren ezagutzaz eta erabileraz datu oso kezkagarriak atera eta segituan.

“Gazteek hizkuntzaz duten ezezagutzak maximo historikoak gainditu ditu”

ARGIAk, El Salto hedabideak egindako datuen laburpena baliatuta, inkestaren emaitzak jorratu zituen azaroan. Galizieraren aldeko eragileak biltzen dituen A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidenteak, Marcos Maceirak, adierazi zuen datuak “galizierak bizi duen muturreko larrialdiaren adierazle" direla. "Gazteek hizkuntzaz duten ezezagutzak maximo historikoak gainditu ditu”, gehitu zuen.

Galiziera gutxi edo batere ez dakiela diotenen ehunekoak gora egin du adin tarte guztietan. 15 urtetik beherakoen artean gorakada nabariagoa da. Bost urtean %23,9tik %32,44ra pasa da hizkuntza ezagutzen ez dutenen kopurua.

Erabilerak ere, adin tarte guztietan egin du atzera. Galiziako Estatistika Institutua inkesta egiten hasi zenetik (2004tik) lehenengo aldiz, galiziera hiztunen ehunekoa erditik behera jaitsi da. 2018ko inkestan %51,88k adierazi zuen galiziera erabiltzen zuela egunerokoan, eta azken inkestako datua berriz %45,51koa da. Gaztelaniaz baino aritzen ez direnak %29,2 dira eta duela hogei urte %19,56 ziren. %64,9k adierazi zuen asko ulertzen duela galiziera, gainerakoek erantzun dute nahikoa, gutxi edo batere ez dutela ulertzen.

Etxeko transmisioa eteten ari da

Inkestak nabarmen erakutsi zuen belaunaldien arteko aldea: zenbat eta herritar zaharragoak orduan eta ezagutza eta erabilera datu hobeak. Ohikoan galiziera erabiltzen duten hiztun kopuru handiena adin handieneko taldeetan pilatzen da. 65 urtetik gorako pertsonen %67,92k galiziera gaztelania baino gehiago erabiltzen du. Aldiz, 2018an 5 eta 14 urte artekoen %26,12arentzat zen galiziera eguneroko hizkuntza eta 2023an %16,19arentzat. Bost urtean hamar puntuko jaitsiera. Orain dela hogei urte umeen %40k baino gehiagok egiten zuen egunero galizieraz. Ohikoan gaztelaniaz ari direnen zifra %53,67 da, eta duela hogei urte %34,17.

Zein hizkuntzatan erosoago moldatzen ziren galdetuta, 65 urtetik gorakoen %46,31k adierazi zuen hobeto moldatzen dela galizieraz. 5 eta 14 urte artekoei galdetuz gero %6,68k erantzun zuen erraztasun handiagoa duela galizieraz.

Lehen hizkuntza gaztelania da

5 eta 14 urte artekoen %16,06k erantzun zuen gurasoek beti galizieraz egiten dietela. 2008an datua %27,88koa zen. Gurasoek beti gaztelaniaz egiten dietenen zifra berriz %36,98tik %47ra pasa zen. 65 urtetik gorako biztanleekin alderatzen badugu, 2023ko inkestan %66,12k esan zuen gurasoek galizieraz baino ez dietela egin. 2008an datua %78,85koa zen. Datuek erakusten dute aldaketa soziolinguistiko bat ari dela gertatzen. Galiziera eremu pribatuko hizkuntzatzat hartua zen, eta gaztelania eremu publiko eta sozialerako zen. Gaur egun, belaunaldi berrietan, gaztelania eremu pribatuko hizkuntza gero eta gehiago da.

Ezagutzak behera egin du txikienen artean

2004tik gaur arteko datuak begiratuz gero, ezagutzan eta erabileran aldaketa handienak umetan eta gazteetan gertatu dira. Duela hogei urte 5 eta 14 urte artekoen %56,98k zioen galiziera asko zekiela, eta 2023an datu hori %27,43koa da. Ia herenak esan du gutxi edo batere ez dakiela galiziera. Duela hogei urteko datuaren bikoitza da, eta azken datuetatik 8,54 puntuko igoera.

Hezkuntza eremuan gero eta gehiago dira gaztelania hiztunak, batez ere derrigorrezko hezkuntzan. 17 urtetik beherako ikasleen artean, haien artean beti edo ia beti gaztelaniaz hitz egiten dutenak ehuneko 85,2 dira. Duela hogei urte %61,52koa zen zifra. Galizieraz baino egiten ez dutenak %4,65 dira. Ikasgaiak zein hizkuntzatan jasotzen dituzten ere galdetu zitzaien gazteei. %29,49k esan zuen erabat edo ia erabat gaztelaniaz jasotzen dituela, eta galizieraz %13,89k.

Hedabideak ia erabat gaztelaniaz

Irrati, telebista, hedabide eta liburuen erabileraz ere galdetu zieten. “Beti gaztelaniaz” edo “galizieraz baino gehiago gaztelaniaz” erantzunek %90 biltzen dute, 16 urtetik beherakoen artean.

“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”

Datuak jakin eta berehala elkarrizketatu zuen ARGIAk Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea. Galizieraren egoeraren argazki gordina egin zuen. Azaldu zuen aspalditik ari zirela ohartarazten egiten ari ziren [PP alderdia] hizkuntza politikarekin “hau gertatuko zela”. Gehitu zuen “historian lehenengo aldiz”, galizieraz hitz egiten duten pertsonak gutxiago direla gaztelaniaz hitz egiten dutenak baino. Maceiraren ustez, 2009tik aurrera PPk ezarri dituen hizkuntza politikek beherakada azkartu dute, eta “horrek muturreko emergentzia linguistikora eraman gaitu. Politika horiek ez badira zuzentzen, eta ez bada bermatzen galiziera eremu guztietan eta erabilera guztietarako egotea, oso zaila izango da leheneratzea”. Elkarrizketa osoa irakurtzeko moduan daukazue hemen: “Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”