argia.eus
INPRIMATU
Larrialdi klimatikoak mundu mailako “apartheid” bat sortuko duela ohartarazi du NBEk
  • Philip Alston Nazio Batuen Erakundeko kontalariak klima aldaketak eragin ditzakeen desberdintasun sozialak eta pobrezia salatu ditu txosten batean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko ekainaren 27a

"Apartheid klimatikoa" deitu dio Alstonek datorren mehatxuari. Pobreen eta aberatsen arteko bereizketa gero eta handiagoa aldaketa klimatikoaren kalteen aurrean. Lehenek aldaketa hori gehien eragin duten bitartean, bigarrenek nozituko dituzte kalte handienak. "Azken 50 urtetan pobrezia desagerrarazteko egin dugun aurrerabidea desegin dezake", dio kontalariak.

Muturreko pobreziaren eta giza eskubideen inguruko txostenean atera ditu ondorio horiek NBEko ordezkariak, Txostena ostiral honetan aurkeztuko du Genevan NBEen Giza Eskubideen Batzordearen aurrean.

"Gaur egungo helburuak beteko balira ere, milioika lagun pobretuko dira, migrazio eta gosete orokorra ekarriko baitu [larrialdi klimatikoak]". Hala, bere esanetan 2030erako gutxienez 120 milioi lagun gehiago egongo lirateke muturreko pobrezian. Aurreikuspen baikorrenek tenperaturaren 1,5 graduko igoera globala etorriko dela diote, hortaz, elikadura-segurtasun falta handia ekarriko du horrek: "Askok aukeratu beharko dute, migratu edo gosea pasa". 30 urteren buruan 140 milioi lagun tokiz aldatzera kondenaturik egongo lirateke, batez ere Afrikan, Asian eta Hego Amerikan.

Apartheida agerikoa izango dela dio Alstonek, aberatsek korporazio pribatuei ordainduko baitiote larrialditik ihes egiteko, "gainerako munduak sufritzen duen bitartean". Aldaketa klimatikoa interes pribatuen mesederako erabiltzeak dakartzan arriskuak ere gogorarazi ditu, natur baliabideak are gehiago ustiatu eta mundua gehiago berotuko delako gisa horretan.

Eragina oinarrizko beharretatik harago ere nabarituko da, demokraziaren kalitatean adibidez: "Eskubide zibil eta politikoak oso zaurgarri bihurtuko dira", azaldu du kontalariak. Alarma horien guztien aurrean, AEBetako Trumpen, Brasilgo Bolsonaroren eta antzeko administrazioei kritika zorrotza egin die, alarma horiek ez entzuteagatik eta "neurri miopeak" hartzeagatik. Brasilen, esaterako Amazoniako oihana meatzaritzara irekitzeko saiakera dagoela gogorarazi du.