argia.eus
INPRIMATU
Larrialdi federala Errusiako artikoan, zentral batek 21.000 tona erregai isuri eta ia astebetera
  • Siberiako Norilsk hirian dagoen zentral termoelektrikoan jazo zen istripua maiatzaren 29an eta erregaia inguruko lur eta ibaietan barreiatu da Artikoraino. Putinen gobernuak ikerketa abiarazi du eta Greenpeacek Exxon Valdez-en istripuarekin konparatu du hondamendia.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko ekainaren 04a

Astebete behar izan du kasik Errusiako Gobernuak larrialdi federal egoera ezartzeko Norilsk hiria dagoen Siberiako eta Artikoko lurraldeetan. Evgueni Zínichev Larrialdi Egoerentarako errusiar ministroak eman du neurriaren berri, Vladimir Putin presidentearekin eta beste hainbat mandatariekin bildu ondoren.

Atzerapen horrek, baina –istripua maiatzaren 29an jazo zen–, hondamendia handitu besterik ez du egin. Putinen Gobernuak ikerketa abiarazi du jakiteko zergatik ez zen istripua jakinarazi hura gertatu eta bi egun arte.

Norilseko zentral termoelektrikoak 6.000 tona diesel isuri ditu inguruko lurretan eta beste 15.000 ibaietan barreiatu dira. Errusiako Artikoan sekula gertatu den hondamendi handiena dela onartu dute gobernuko ordezkariek. Greenpeace erakunde ekologista harago joan da eta Exxon Valdez zisterna-ontziaren istripuarekin konparatu du; 37.000 tona hidrokarburo isuri zituen 1989an Alaskan. Oraindik neurtzeke daude ingurumenean nolako kalteak eragin dituen artikoko isuriak.

Agintariek hitzeman dute 14 egunetan bilduta izango dutela isuri guztia, baina oraingoz, jakinarazi dutenez, 100 tona erregai baino ez dituzte erretiratu eta 16 langile besterik ez daude lanean, nahiz eta larrialdietako ehunka pertsonal gehiago iristea aurreikusten den. Norilsk 177.000 biztanleko hiria da eta Krasnoyark krai edo eskualde federalean dago, zirkulu polarraren barruan.

Klima larrialdiaren ondorioz

Zentraleko arduradunek azaldu dutenez, istripua diesel biltegiaren azpian dagoen lur izoztu edo permafrostaren urtzearen ondorioz gertatu da: “Biltegiak urte asko zituen eta permafrostean obrak egiten badira, etengabe behatu behar da; galdera da hori horrela egin ote den”, diote adituek.

Tundrako lurraren desizoztea bizkortzen ari da klima aldaketaren ondorioz eta talde ekologisten ustez bere azpian dauden materia organikoek atmosferara askoz karbono gehiago isuriko dute. Baina hori bakarrik ez, permafrostaren gainean eraikita dauden azpiegiturak ere oso kaltetuak suertatu daitezke –Norilsk hiri osoa halaxe dago jasoa– eta ondorioak orain ari gara ikusten.

Batez ere Ambárnaya ibaia kutsatu du dieselak eta hura itsas bokaleraino iristea saihesteko presa flotagarri handi bat jarri dute. Ibaiak arre kolorea darama.