argia.eus
INPRIMATU
Larrialdi-egoera baliatuta, Frantzia kazetari bat jazartzen ari dela salatu dute
  • Frantziako agintariak Gaspard Glanz kazetariaren kontra tematuta daudela salatu dute haren abokatuek Reporterre aldizkarian. Larrialdi-egoera testuinguruan, haren lana oztopatzen ari direla azpimarratu dute.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 09a
Gaspard Glanz kazetaria. (Arg.: Reporterre)

Taranis News berri agentziaren sortzailea prozesatuta dago, ustez polizia iraintzeagatik. Kasu hori artxibatu egin zuten maiatzaren 2an; epaileak argudiatu zuen prentsa askatasunaren barnean jardun zuela. Ez zuen hala ulertu fiskalak, eta maiatzaren 5ean helegitea jarri zion epaiari.

Reporterre-k eman duen albistearen arabera, Calaiseko errefuxiatuak, manifestari matxinatuak eta mugimendu sozialak dokumentatu ditu Glanzek, eta agintariak bereziki tematuta daude kazetariarekin.  Larrialdi-egoeraren testuinguruan, Estatuaren segurtasuna urratzeagatik fitxatuta dago, eta egun baldintzapeko askatasunean dago epaia argitu arte. Hainbat hiritako fiskalak jazarri zaizkio, eta Reporterren arabera, agintariek gidatutako jazarpena dela erakusten du horrek.

Esaterako, Pas-de-Calaiseko prefetak sarrera debekatu zion barruti horretara larrialdi-egoeraren izenean, Glanzek lan ugari egin baitu bertako errefuxiatuen kanpamenduetan.  Debeku hori auzitara eramanda, baina, prefetak berehala bota zuen atzera neurria.

Glanzen abokatuek jazarpen administratibo eta judiziala salatu dute, eta adierazi dute haren prentsa eta lan askatasuna urratzen ari direla. Momentuz, ekainaren 7ra arte itxaron beharko du bere kasua argitzen den ala ez ikusteko.