argia.eus
INPRIMATU
Larri gaixo dauden presoak askatzeko eskatu dute Nafarroako sindikatuek
  • Iragan ostegunean Nafarroako Parlamentuak egindako adierazpenarekin bat egin dute sindikatuek. Foro Sozialak bultzatu du ekimena.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 14a

Nafarroako gehiengo sindikal eta politikoak galdegin du Espainiako eta nazioarteko legedia bete eta larri gaixo dauden presoak askatu edo neurri aringarriak aplikatzeko. Iragan ostegunean Nafarroako Parlamentuan onartu zuten adierazpena, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra eta PSNren botoekin.

Nafarroako sindikatuek ere bat egin dute Parlamentuak onartutako eskaerarekin. LAB, ELA, UGT, CCOO, EHNE, Steilas, ESK, Hiru, Solidari eta CGT sindikatuek babestu dute erabakia. Maiatzean izan zen IV. Foro Sozialaren emaitzak aurkezteko bilera ugari egin ditu Foro Sozial Iraunkorrak Nafarroako alderdi, sindikatu eta eragileekin. Bilera horiek hasi dira fruituak ematen, gehiengo politiko eta sindikalak, preso gaixoei dagokien legedia aplikatzeko galdegin baitu.

EHNEk eta Solidarik izan ezik, adierazpena sinatu duten gainontzeko sindikatuek oharrak kaleratu dituzte. Guztiek txalotu dute adierazpena, eta presoen auzia konpontzeko pausoak ematen jarraitzeko eskatu dute. Bakoitzak bere alorrean lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.