argia.eus
INPRIMATU
Larri gaixo dagoen Manu Azkarate presoak zimitzez betetako ziega batean sartu dutela salatu du
  • Alcala Meco espetxean dago tolosarra, eta atzo bere galerian izandako miaketa orokor baten ondorioz gertaturikoaren harira egin duela salaketa azaldu dute senitartekoek.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2018ko uztailaren 09a

Miaketa orokorra egin ondoren, Azkaratek bere ziega gaizki utzi zutela eta txukun uzteko esan zien presondegiko funtzionarioei, senitartekoek azaldu dutenez. Funtzionarioek ezezkoa esan zioten, eta berak egin zezala lan hori. Horren aurrean, Azkaratek esan zuen berak ez zuela horrelakorik egingo.

Horren ondoren, funtzionarioek beste ziega batera eraman zuten, zimitzez beteta dagoena. Azkaraterentzat "arrisku faktore bat da egoera hori bere ultzeradun hankarentzat", zehaztu dute senitartekoek. Azkarate bi aldiz ingresatu behar izan zuten Gregorio Marañon ospitalean, Soto Del Real espetxean izan zuen isipularengatik. Preso tolosarrak salaketa jarri du espetxe zaintzarako epailearen aurrean, "miaketa arbitrarioarengatik" eta "eragiten dioten osasunaren aurkako egoerarengatik", senitartekoek azaldu dutenez.

Albiste hau hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.