argia.eus
INPRIMATU
Pirineki esnekiak
Larretik jogurt potoraino, mimoz
  • Etxeko ogibideari jarraipena emateko asmoz hartu zuten Aitor Zazpe Urmenetak eta anaia Koldok esne behien eta esnekien ekoizpenean lanean hasteko erabakia. “Aitak amatxirekin hasi zuen ibilbidea duela 30 urte baino gehiago, eta koxkortzen ginen heinean guri animatzen zigun honetan hastera”, dio Aitorrek, Aurizberriko Pirineki Esnekietako kideak. Duela bost urte hasi zen behiekin lanean Koldo anaia, eta iaz batu zitzaion bera proiektura. Aitarekin batera eta etxekoen laguntzarekin ari dira lanean: behiak haztetik hasi eta esnea jogurt bihurtzeraino, prozesu osoa egiten dute etxean.

Garazi Zabaleta 2020ko urriaren 30

Aita eta anaia aritzen dira batez ere behizain, Aitor Zazpek azaldu duenez: “50-60 bat buru ditugu; dezente dira, baina jardun honetan ari diren askorekin alderatuta, gutxi”. Etxeko ekoizpena izanik ez da kopuru txikia, baina inguruan nagusi den ekoizpen industrialetik urrun gelditzen da Pirineki: “Ziklo osoa hasi eta bukatu egiten dugu hemen: behiak pentzean muturra jaisten duenetik kontsumitzailera iritsi arte, prozesu osoan gaude gu”, gehitu du.

Apirila inguruan hasten dira behiak Pirinioetako belardietara ateratzen, belarra agertzen den garaian, eta elurra iristen den arte egoten dira bertan. Abuztutik aurrera belar nahikorik ez dagoenez, ekainean etxean egindako belarrarekin laguntzen diete animaliei. Negua gogorra izan ohi da Aurizberri inguruan, beraz, barrura sartzen dituzte behiak garai horretan. “Nafarroan behien inguruan saltzen diguten irudia da beti kanpoan daudela, baina errealitatean oso laborari gutxi gara benetan behiak kanpora ateratzen ditugunak, gehienak haztegietatik atera gabe egoten dira”.

Amatxiren bidea gaurkotuz

Transformazioaren alorrean ari da lanean bereziki Zazpe: esnea pasteurizatu eta ontziratu egiten dute litroko botiletan, gazta freskoa egiten dute, eta baita jogurtak ere. Momentu honetan gurina ekoizten hasteko probak egiten ari dira: “Eraldatze gunea sortzeko inbertsio handia egin behar izan dugu azpiegituran, baina anaiak eta biok argi genuen ez geundela orain arte bezala lanean segitzeko prest”. Izan ere, esnea zentral handietara salduz bizimodu duina nekez aterako zutela ikusten zuten, eta horregatik erabaki zuten eraldatzearen prozesua ere beraiek hartzen hastea.

Momentuz, ekoizten duten esnearen zati bat beraiek eraldatzen dute, eta beste bat esnetegi handiagoei saldu. Baina pixkanaka geroz eta gehiago beraiek erabiltzea da asmoa. Badira Nafarroan esne ekoizle txiki gehiago ere, eta hastapenetik beraien laguntza jaso dutelako eskertuak daude: “Gehienek begi onez ikusi dute horrelako proiektu txiki gehiago egotea, denen artean gauzak aldatzeko indarrak batzea errazago izanen da-eta”.