Larrazkeneko egun eder hartan, argia gaberik, Mundarrain kaskorat igan nintzan, basanderearen orraziaren menturan. Larrazkeneko egun eder hartan, goiz apalean, azken agurrak egin giniozkan Itsasun Aitor adixkideari.
Etxekoek urratsez urrats prestatua zuten eskerronezko zeremonia ederra, hunkigarria eta sinboloz josia. Ogia eta arnoa, ura eta argia. Bertsu, kantu, otoitz, ixiltasun. Larrazkeneko egun eder hartan, eguerditan, tanta xaharra zenaren paperretan aurkitu nuen 1893ko karnet higatu bat. Orduko farmazia iragarki bitxi batzuen artetik agertzen ziren eskuz izkiriaturikako euskerazko othoitz eta kantikak. Euskal Herriko selauru xoko ainitzetan aurkitzen diren horienetarik, funtsean. Gauza batek jo ninduen: hiltzera doanaren otoitz bat, bertzeak bertze hauxe ziona: “Noiz eta ere ene bekhatuen orhoitzapena eta Semearen yuyamenduaren beldurrak ikharatuco bainaute eta botatuco lotsamendu haundi batean, misericordiazko Ama othoitz eguizu guretzat.” Gure arbasoek hain luzaz hazi eta hezi dituen Jainkoaren irudi mendekatzailea, hain xuxen goizean berean entzun amodio solasetarik hain urrun.
Larrazkeneko egun eder hartan, astirian, anei-arrebak hurbildu ginen Azkainerat, Xilaba-ren saio baten entzutera. Azkaindarsaratarrek amikuztarrak zituzten partida. Saio goxo, bixi eta umoretsua. Goizean lagundu ginuen bertsulariaren arima gutartean zagoela etzen nehorentzat duda izpirik.
Larrazkeneko egun eder hartan, gauaz, behin Itsasurat bildu eta, zeru garbiari so gelditu ginen. Izarrak sekulan baino dirdiratsuagoak ziren. Lagun berri bati ongi etorria luzatzen baliote bezala.