2008tik martxan dago eskola zerbitzua, baina orain artean Asteasuko Pello Errota ikastetxearen "urruneko ikasgela" izan da. Ikasturte honetan aitortu dio Hezkuntza sailak eskola izaera eta lorpen hau ospatu dute irailaren 17an, orain arteko ibilbidea errepasatuz. Horretarako, sendabelar baratzea osatu dute lau eragile hauek, bakoitzak urtaro batean loratzen diren sendabelarrak landatuz: udazkenekoak familiek, negukoak erakundeek, udaberrikoak ikasleek eta udakoak irakasleek. Euskal Herri mailako ordezkariek ere parte hartu zuten ekitaldian, eta egun osoko festa herrikoia izan zen.
Sendabelarren baratzea bezain anitza eta koloretsua izan da Larraulgo Herri Eskolaren abiatzea ospatzeko ekitaldian izandako parte-hartzea: 14 urteotan bertatik pasatu izandako familia, ikasle eta era guztietako hezitzaileak (haurreskolako hezitzaile, irakasle, espezialista, jangelako begirale...) izan ziren bertan. Baita bere garaian Larraulek izan zuen eskola zaharrean aritu ziren ikasleak ere (1960ko hamarkadara arte iraun zuen eskola honek). Horiez guztiez gain, erakunde hauetako ordezkariek ere parte hartu zuten: Hezkuntza Saila, Larraulgo Udala, Baikara, EHIGE eta Eskola Txikien Koordinakundeak.
Larraulgo Herri Eskolaren aurreko zelaian sendabelarren gurpila landatzea izan da ekitaldi sinbolikoaren ardatza. Hilabete bakoitzeko sendabelar bat, horrela urtaroak eta zikloa osatzeko. Urtaro bakoitzean, eskolaren oinarri den eragile bat izan da protagonista: udazkenean familiak, neguan erakundeak, udaberrian ikasleak eta udan irakasleak. Beraz, ekitaldiak lau zati izan ditu (urtaro bakoitzeko bat), eta urtaro bakoitzean ordezkari batek hitza hartu du eta beste ordezkari batek sendabelarra landatu. Hauek izan dira sendabelarrak landatu eta hitza hartu dutenak:
Larraulgo eskola zerbitzua 2008an martxan jarri zuen gurasoetako bat den Eider Arozenak landatu ditu udazkeneko sendabelarrak: Txillarra (urrikoa), Erromeroa (azarokoa) eta Ilena edo kalendula (abendukoa).
Ixiar Eizagirrek hartu du hitza, 2008an eskola martxan jarri zenean ikasle zaharrena zenaren gurasoak. “Bi pintzelada nabarmendu nahi ditut, bata argia eta bestea iluna” azaldu du Eizagirrek. Argia, “zer indar sortu zen garai hartan eta taldean elkarrekin lan eginda eta bakoitzak berea emanda noraino iristeko gai garen”. Pintzelada ilunarekin gogoratu du, berriz, 2008an eskola martxan jarri zenean 8 urtera arte soilik zegoela bermatuta eskola: “Hauteskundeetan Hezkuntza saila aldatu zen eta lau urte oso luze eta gogor pasatu behar izan genituen. Dekretuak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen genituen, baina Delegaritzatik jasotzen genuen erantzuna ezetza zen. Beste herriek gure ikasle kopuru berberekin eskola zuten, baina Larrauli ezetz esaten zitzaion”. Horrek gurasoak oso egoera zailean jarri zituela azaldu du, eta bakoitzak erabakia hartu behar izan zuela herriko eskolan jarraitu edo ez. “Libre aukeratzea nahi duenak, nahi du besteak ere libre aukeratu ahal izatea, nahiz eta bakoitzaren erabakia desberdina izan”.
Mezu positibo honekin bukatu zuen hitzartzea Eizagirrek: “Niretzat irakaspena izan da erabaki horren arabera herrikideekin harremanak ez baldintzatzea. Eta pozik handiena ematen didana da erabaki ezberdina hartu zuten familietako umeak eta gazteak elkarrekin dabiltzala ikustea”.
Larraulgo alkatea den Maite Aranak landatu ditu neguko sendabelarrak: Malba (urtarrilekoa), Garraixka edo melisa (otsailekoa) eta Pixa-belarra (martxokoa).
Hezkuntzako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaria den Amaia Urzelaik hartu du hitza. Urzelaik nabarmendu du Larraulgo ikas komunitateak “lanaren ekinez aurrera egin duela, poliki baina aurrera. Herri honek zuen ametsa hau zen, noizbait lortuko zena. Larraulen eskola izaera aldarrikatzeko bilera eskatu zenutenean hemen egin genuen bilera eta harrotasunez baina harrokeriarik gabe esan zenuten eskola izaera behar zela, Larraulgo herriak merezi zuelako. Eta hemen dugu, Larraulgo eskolako atea zabalik”.
Eneko Esnal ikasle ohiak landatu ditu udaberriko sendabelarrak: Mendabeltza (apirilekoa), Izpiliku fina edo lavanda (maiatzekoa) eta Mendaroa edo oreganoa (ekainekoa).
Izan Mora ikasle ohiak hitzartze hau egin du: “Kotxeak asko gustatzen zaizkit eta eskolan kotxeak egiteko aukera izan det. Talde txikietan matematikak ikusi egin ditut, manipulatuz, batzuen eta besteen hitzak entzunez, engantxatu egin naiz. Basora astero joatea ezin hobea izan da, bertan edozein lan gustorago egin izan det. Lagunak egin ditut eta gure gauzak konpondu behar izan ditugunean hitz egiteko denbora eta aukera izan dugu. Babestua sentitu naiz. Earra izan da!”.
Larraulgo eskolan irakasle izan ziren Josune Eizmendi eta Maikar Iurramendik udako sendabelarrak landatuko dituzte: Mihilua edo hinojo (uztailekoa), Ezkaia edo tomillo (abuztukoa) eta Salbia (irailekoa).
Koldo Rabadan Larraulgo Herri Eskolako irakasle eta lehen zuzendariak mezu hau nabarmendu du: “Atzo klaustroan gure ametsetako eskolaz ari ginen. Eta ia ia, baina oraindik ez dugu lortu. Ia ia ukitu dugu amestutako eskola, baina zenbat eta gehiago hurbildu ametsa hurrundu egiten da, bidea egiten jarraitu dezagun. Hori da Bidean proiektua”. Izan ere, Larraulgo Herri Eskolan azken urteetan landu duen proiektu pedagogikoa da eskolaren bereizgarrietako bat, eta Bidean du izena (liburu honetan azaldua du Rabadanek bere oinarria).
Azken hitzak ikasleei zuzendu dizkie Rabadanek: “Eskola bat ikasleek egiten dute. Norbait zoriondu behar bada, zuek zarete, ikasleak, zoriondu beharrekoak. Ederki aritzen zaretelako proiektuak egiten eta urteotan guztiotan guretzat irakasle oso onak izan zaretelako”.
Ekitaldiaren amaieran, herritarrek aukera izan dute sendabelar gurpilari ura botatzeko.
Larraulgo eskola zerbitzua 2008an zabaldu zen, eta berarekin batera Haurreskola ere bai. 2 eta 4 urte bitarteko 9 haurrek eta 17 familiek abiatu zuten eskola: 9 ikasleez gain, 0-2 urte bitarteko haurren gurasoek ere parte hartu zuten eskola martxan jartzeko. Hasieran eskola batek duen autonomiarik ez zuenez (Asteasuko ikastetxearen zati zen) eta zerbitzua 8 urtera arte soilik bermatua zuenez, lan handia egin behar izan zuten urtez urte Hezkuntza sailarekin ikasturte bat gehiago luzatu eta horrela pixkanaka 12 urtera arteko zerbitzua eskuratzeko, eta beharrezko ziren baliabideak lortzeko.
14 urteotako ibilbidearen ostean, gaur egun, Larraulen Haurreskola dago, baita 2-12 urtera arteko eskola zerbitzua ere, eta eskola izaera ofiziala lortu du: honek erabakiak hartzeko ahalmen osoa emango dio eta eskola bati dagozkion baliabideak ere bai. Eta ibilbide honetan zehar landu duen ikas proiektu berezia eta propioa dauka.
14 urte hauetan, 35 familiak eta 57 ikaslek hartu dute parte Larraulgo eskolan. Kopuru esanguratsua, Larraulek 250 biztanle inguru dituela kontuan hartuta. Ikasturte bakoitzaren hasieran, lehen aldiz Larraulgo eskolan hasiko diren ikasleek beren izena daraman kolorezko fitxa jartzen diote eskola sinbolizatzen duen eta Karlos Irazuk egina den eskultura tripandiari. Irudian, aurten hasiko diren sei ikasle berrietako bat fitxa jartzen:
Ekitaldi sinbolikoaz gain, goizean Karlos Irazu Larraulgo eskultoreak motozerrarekin egurrezko eskultura bat egin zuen: igela bat, eskolak egin berri duen urmaelaren sarreran jartzeko.
Olivia Sanchez margolariak eskola atariko paretan murala margotu du azken astean, ikasleen eta herritarren parte-hartzearekin.
Hazi eta buztinez egindako nendo-dango bolatxoak egin dituzte Arrate Iturbek gidatuta, eta jaurti egin dituzte ondoren urmaelaren inguruko lurretara.
Ekitaldiaren ondoren herri bazkaria egin dute 80 pertsonak plazan, eta ondoren bertso jarriak kantatu dituzte, “Txolinpiada”tan jolasean aritu dira eta barrikotearekin elkarrekin afalduz eman diote egunari amaiera.