Emakume batek, Valeria Vitellak, Larrahe jainko baskoiari eskainitako aldare bat aurkitu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek Nafarroan. I. mendeko harrizko pieza bat da, eta Baskoieraren idatzizko lekukotasun berri bat. Latinez idatzitako testu bat dauka, eta bertan Larrahe agertzen da idatzirik. Larunben, Arriaundi mendiaren tontorrean dagoen aztarnategian aurkitu dute.
Aranzadiko kideek koordinaturik, zenbait arlotako adituek aztertu dute pieza: Euskal Herriko Unibertsitateko eta Bartzelona, Burgos zein Paueko unibertsitateetako adituek.
2022an aurkitu zuten, Doneztebeko Erdi Aroko monasterioan egiten ari ziren indusketa batean. Erromatarren garaian jainkoei eta jainkosei eginiko gurtzen testigantza da aldarea. Monasterioaren aldamenenean dagoen putzu batean aurkitu zuten pieza. Aranzadiko kideen arabera, pieza ez da bere jatorriko kokalekuan aurkitu, zutik egoteko, behatzeko eta irakurtzeko moduan diseinatuta dagoelako. Ez dakite leku horretan nahita jarri zuten edo bota egin zuten.
Erromatar garaiko aldare gehienetan gurtzen duten jainko edo jainkosaren izena eta dedikazioa egiten duen pertsonaren izena agertu ohi dira. Kasu honetan, Valeria Vitella, dio testuak. Kalkarenitazko bloke monolitiko batean eginda dago, eta goiko aldean focus biribil bat du. Horren bidez erritualak egiten zituzten, hala nola ardoa isuriz edo intsentsu motaren bat errez. Bost lerrotan banaturiko testua dauka:
Val(eria)·V[i]-
tel·la
m(erito?)·La·r-
a·he·vo(tum)
l(ibens)·s(solvit)
Aurkikuntza dela eta, jainko horren gurtze eremu ezaguna handitu egin da. Orain arte, soilik, Arga ibaiaren arroan eta Gesalatz ibaiaren inguruan dauden baskoien lurraldetan aurkitu dituzte beste hiru aldare; Muruzabal Andionen (Mendigorria, antzinako Andelo), Iruxon eta Errezun.
Idazkerari buruzko xehetasunak
Joakin Gorrotxategi eta Javier Velaza hizkuntzalariak dira pieza aztertu duten adituetako batzuk. Idazkerari buruzko zenbait xehetasun eman dituzte; esate baterako, -he atzizkia, datibo baskonikoaren forma duela. Hau da, norentzat galderari erantzuten diola: kasu honetan Larra jainkoarentzat. Horrez gain, nabarmendu dute gaur egun euskararekin duen loturarengatik laborantzarekin edo lurraldearekin zerikusia duen jainkoa izan daitekeela.
R hizkia ere nabarmendu dute. Larunbeko aldarean jainkoaren izena r bakarrarekin idatzita ageri bada ere, beste leku batzuetan r bikoitzarekin ere ageri da izena. Horrek esan nahi du orduko r-ak euskarak duen r gogorrarekin lotura duela.
H hizkia ere testuak euskararekin daukan loturaren adierazlea dela esan dute. Hizki horrek hasperena markatzen du, eta adituen arabera, soilik akitanierak edo baskoierak –euskarekin lotura zuzena daukaten hizkuntzek– zeukaten hasperen hori.
Aurkikuntzaren inguruko xehetasun gehiago azaldu ditu Juantxo Agirre Mauleonek, Aranzadi Elkarteko arkeologoak, Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan.