12 familiak eskatu dute euskarazko D eredua Larragako San Miguel eskola publikoan, baina Hezkuntza Departamentuaren erantzunik ez dute jaso eta Mendigorriako eskolarekin gertatu zen moduan, errezeloa dute D ereduko eskaintza ez dela garaiz iritsiko aurrematrikulazio garairako. Argi dute ordea: “Euskaraz ikasteko eskaera baldin badago, eskaintza bermatu egin behar da”.
Nafarroako Euskararen Legeak ez-euskaldun izendaturiko eremuan dago Larraga eta bertako San Miguel ikastetxean A eta B eredua dituzte. Gaur egun, euskarazko murgiltze ereduaren alde egiten dutenek bi aukera dituzte: edo herriko eskolan gelditu, baina D ereduan ikasteari muzin egin, edo D eredua ikastera Tafallako eskolara joan, herria utziz. Izan ere, Nafarroako eskola mapak zehazten du D ereduan ikasi nahi duen Larragako ikasleak Tafallara joan behar duela.
Datorren ikasturtean 3 urteko gelan hasiko diren 12 haurrentzat –gutxienez 12, gero gehiago ere animatu baitaitezke– D eredua ezartzeko eskaera egin zuten uztailean, otsailean egingo den aurrematrikularako eskaintza hori egon dadin. Azken finean, haurrek herrian bertan ikastea nahi dute gurasoek, seme-alabek bizitza eta ikaskuntza prozesua herrian bertan egin dezaten. “Norbere herrian euskaraz ikasteko eskubidea dute. Gurasoek izan ez zuten aukera hori nahi dute seme-alabentzat, eta Hezkuntza Departamentuari dagokio bermatzea. Gainera, herriko haur guztien aukera berdintasuna bermatzeko ezinbestekoa da, denek ezin baitute herrian bertan ikasi aukeratutako hizkuntza ereduaren arabera”, azaldu digu Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. Prozesu honetan, Behatokia eta Sortzen elkartea lagun dituzte hamabi familiek.
"Herriko haur guztien aukera berdintasuna bermatzeko ezinbestekoa da, denek ezin baitute herrian bertan ikasi aukeratutako hizkuntza ereduaren arabera"
“Uztailetik otsailera nahikoa denbora dago agindua aldatzeko”
Hezkuntza Departamentuaren erantzun faltaren aurrean, bilera eskatu dute, eta ostegun honetan dute hitzordua. Aurreko esperientzia txarrak gogoan, eta uztailetik inongo erantzunik jaso ez dutela ikusita, errezeloz doaz bilerara. “Kezka dugu Mendigorrian egin zuten gauza bera egingo ote duten: foru agindua aldatzeko eta eskola mapa egokitzeko denbora behar dela aitzakia jarri eta berandu bideratzea eskaintza; gurasoek ez lukete D ereduan izena emateko aukerarik izango aurrematrikulazioa iristen denean. Mendigorrian halaxe egin zuten eta aurrematrikulazioa ailegatu zenean gurasoek ezin izan zuten inon adierazi D eredua aukeratzen zutela –kontatu digu Gaubekak–. Larragako kasuan, uztailetik otsailera nahikoa denbora dago agindua aldatzeko, beraz ezin du izan argudio, eta gainera, eskola mapa tresna bat da, baina ezin du baldintzatu euskara non eman; euskaraz ikasteko eskaera baldin badago, eskaintza bermatu egin behar da lehenik, eta ondoren eskola mapa aldatu, ez alderantziz”.
Berez, lerro berria irekitzeko gutxienez 8 haur eskatzen ditu legeak eta Larragan 12 badira gutxienez. Esperantza dute lortuko dutela, baina esan bezala, gakoa da eskaerari noiz erantzungo zaion, “eta guretzat oso inportantea da eskolaratzea hastean ematea aukera, zeren aurrematrikula igaro ostean egiten baduzu, familia hauek dagoeneko baldintzatu dituzu bestelako aukeraren bat egitera eta gero zailagoa da horri buelta ematea”.
Mendigorriaren kasuan bide judizialari ekin zioten, baina ez zuten aurrera egin beharrik izan, presio sozialak lagunduta Hezkuntza Departamentuak D ereduko lerroa irekitzea lortu zutelako. “Oraingoan ere, osteguneko bilerak ematen duenaren arabera, eskura ditugun erremintak baliatuko ditugu”.
"Guretzat oso inportantea da eskolaratzea hastean ematea aukera, zeren aurrematrikula igaro ostean egiten baduzu, familia hauek dagoeneko baldintzatu dituzu bestelako aukeraren bat egitera"
Euskarazko irakaskuntzari ateak zabaldu
Behatokiko zuzendariak nabarmendu du ez dela Larragako edo Mendigorriako arazoa, arazo orokorra baizik: “Gobernutik ez dago euskararen aldeko inolako eskaintza aktiborik, eta familiek eskatzen dutenean, dena da oztopo. Egoera horrek erabat baldintzatzen du euskarazko hezkuntza eredua, baina ikusten dugu behin D eredua ezartzen denean, gero eta gehiago direla horren alde egiten duten familiak”.
Beste ñabardura bat ere egin digu Gaubekak: San Miguel ikastetxeko matrikulazioa dezente jaitsi da, eta horri aurre egiteko modua ere bada euskarazko ikasketak eskaintzea, jakinda hainbatek beste herri batera egiten duela alde D ereduan ikasi ahal izateko. “Eskola hauen etorkizuna baldintzatzen ari dira, bai eskola txikiei bai herriari berari mesede egiten dielako eskaintza zabaltzeak, baina gurasoek eskaera egin eta berdin jarraitzen du Hezkuntza Departamentuak, oztopoak jartzen, euskarazko irakaskuntzari ateak zabaldu ordez”.
"Gobernutik ez dago euskararen aldeko inolako eskaintza aktiborik, eta familiek eskatzen dutenean, dena da oztopo"