Larke 360 enpresari Jaurlaritzak eman diona ez da Ingurumen Baimen Bateratua (IBB), ingurumen-inpaktuaren txostena baizik. Txosten horrek ez du birziklapena hobesten, Larkek kudeatu nahi dituen 61 hondakin mota ia guztiak Donostiako erraustegira eramateko argi berdea ematen dio (bi hondakin mota soilik dira salbuespena). Hau da, urtean 171.164 tona hondakin eraman ahalko lituzke Larkek Donostiako errasutegira. Baina Larkek hondakin kilo bakarra erraustegira eramateko ere, IBB beharko luke, legearen arabera.
Jaurlaritzaren Ingurumen sailak Larke enpresari onartu dion ingurumen-inpaktuaren txostenak aukera ematen dio ia hondakin guztiak Donostiako erraustegira eramateko: urtean 171.164 tona. Bi hondakin mota dira salbuetsitako bakarrak.
Ingurumen-inpaktuaren txostenak hondakin mota bakoitzari ontzat ematen dion bideak ez du birziklapena hobesten edo bultzatzen: ia guztiei ematen die R12 eta R13 eragiketarako baimena, hau da, "balorizazio" aukera guztiak libre. Zerrenda honetan (gazteleraz) ikus dezakegu hondakinen kudeaketan dauden aukerak, eta bertan ageri da zehazki zer esan nahi duten R12 eta R13k.
Mota guztietako hondakinak daude erraustegira joateko argi berdea jaso dutenen artean: plastikoa (3.000 tonatik gora urtean), hormigoi eta adreiluak (69.000 tonatik gora urtean), metalak (kobre, aluminio, berun, zinka, burdin, eztainu, kable... denek batera 902 tona urtean), jantziak eta ehunak (bien artean 2.975 tona urtean)...
Isolamendu materialak eta igeltsutik ateratako eraikuntzako materialak dira erraustegira eramateko baimenik jaso ez duten bakarrak. Bien artean urtean 12.226 tona osatzen dute. Hauei D15 eragiketarako baimena eman die ingurumen-txostenak, hau da, baita ere edozer egin ahal izatea, baina ez "balorizazio" kategorian, "eliminatzeko" kategorian baizik: zabortegietara eraman, lurrean edo itsasoan erre... (gorago aipatu dugun zerrendan ikus daiteke "eliminatzeko" aukerak zein diren eta zehazki D15ek zer esan nahi duen).
Ingurumen Baimen Bateratuei buruzko legea da 1/2016 Errege Dekretua. Eta bertan arautzen du zein jarduera motek beharrezko duten IBB izatea. Horien artean legoke Larke. Izan ere, legeak IBB izatea exigitzen dio, besteak beste, egunean 75 tonatik gora hondakin erraustegira edo zementeretara erretzera eramateko gaitasuna duen kudeatzaileari. Larkek urtean 183.390 tona kudeatzeko baimena du eskatua, horietatik 171.164 tona Donostiako erraustegira edo zementeretara erretzera eramateko aukera eman diote, eta beraz, egunean 468 tona hondakin erraustegira edo zementeretara erretzera eramateko gaitasuna izango luke, legeak ezarritako 75 tona horietatik oso gora.
Hauxe dio zehazki lege horrek, I. Eranskineko 5.4 puntuan, IBB zein jarduerak behar duten zehaztuz: "Hondakin arriskugabeen balorizazioa, edo balorizazioaren eta ezabatzearen nahasketa, instalazioek egunean 75 tonatik gorako ahalmena badute eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badute (...) : a) Tratamendu biologikoa; b) Errausketaren edo koerrausketaren aurreko tratamendua; c) Zepa eta errautsen tratamendua; ) Birrintze-instalazioetan hondakin metalikoak tratatzea, hondakin elektriko eta elektronikoak barne, bai eta bizitza baliagarria amaitu zaien ibilgailuak eta horien osagaiak ere. Instalazioan hondakinak tratatzeko egiten den jarduera bakarra digestio anaerobikoa izanez gero, jarduera horretarako ahalmen-atalaseak egunean 100 tonakoak izango dira".
Hemen irakur dezakegu zehazki zein hondakin mota eta zein kopurutan jasotzea den Larke enpresaren asmoa. Urtean 183.390 tona hondakin kudeatzea da bere nahia eta kudeatzaile baimena eskatua du dagoeneko Jaurlaritzan. IBBrik jaso ez duenez, bi baimen beharko luke: aipatutako kudeatzaile baimena, Jaurlaritzaren Ingurumen sailak ematen duena; eta jarduera baimena, Azkoitiko Udalak eman beharko liokeena. Baina erraustegira edo zementeretara erretzera kopuru handia eramateko gaitasuna duenez, IBB beharrezko du, legearen arabera.