Espainiako Auzitegi Nazionalean Segikoak izatea egotzita epaitzen ari diren 28 gazteei babesa erakusteko, martxa bat antolatu dute larunbatean Iruñean. Azken asteetan hainbat ekimen egin dituzte “laranjaz blaitu” kanpainaren barruan.
28 gazteei elkartasuna adieraztea eta torturak salatzea dira martxaren helburuak. Segikoak izatea egotzita epaitzen ari diren gazte gehienek torturak salatu dituzte eta, kasu batzuetan haien aurka dauden froga bakarrak inkomunikazio garaian egindako testigantzak direla salatu dute.
Martxa 17:30etan abiatuko da Antoniuttitik. Antolatzaileek eskatu dute denak laranjaz jantzita etortzeko eta laranja koloreko kartel originalak eramateko.
Herri harresia irudikatuko dute
Martxak ez du pankartarik izango, eta kamioi bat joango da martxaren buruan speaker batek jendea animatzen duen bitartean. Gainera, Hesian taldea, Txerra Bolinagak (RIP) eta Ibai Akatuk ‘terrorismo Policial’ kantua abestuko dute Espainiako Poliziaren egoitzaren aurrean. Merindades plazara iristean, herri harresia irudikatuko dute Espainiako Ordezkaritzaren aurrean.