argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Laranja bat jaten baduzu imintziorik egin gabe
  • Espainiako politika ez da Borgen-ekoa: 2010ean Danimarkan estreinatu zuten telesail horren hasieran gobernua osatzeko paktu oso korapilatsua lortzen du protagonistaren alderdi moderatuak laboristekin eta ekologistekin, parlamentuko beste bi indarrek kanpotik babestuta. Kapituluz kapitulu istorioa animatzen duten intriga ugari pizten ditu Birgitte Nyborg lehen ministroaren akordio premiak, bost partidu diferenterekin non-stop negoziatzen ari den legegintzaldi batean murgiltzea baitu gobernatzeko aukera bakarra.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko apirilaren 29a
Pedro Sanchez garaipena ospatzen PSOEren egoitzan. Inguruan bildutako zenbaitek Ciudadanosekin ez paktatzeko eskatu zioten.

Espainian gauzak ez dira Borgen-en bezala egiten. Pablo Iglesiasek badaki. Aitor Estebanek ere bai. Hauteskunde gaueko bien aurpegi goibelek esplikazio erraza dute kalkulagailua pixka bat mailukatuz gero: PSOEri zenbakiek ematen diote Ciudadanosekin gobernua osatzeko eta paktu danimarkarren zailtasunak alde batera uzteko. Unidas Podemos eta EAJ beste telesail batean murgilduko lituzke horrek: Compuesta y sin novio, starring Lina Morgan.

PSOErena esplikatzeak hain konbentzionala ez den zerbait eskatzen du: Les revenants, hildakoak berragertzen diren serie frantziar durduzagarria. Apirilaren 28ko emaitzek hori frogatzen baitute, PSOE itzuli dela, uxatu dituela PASOKen tragedia greziarrak sozialdemokrazia europar guztiari ikusarazi zizkion mamuak.

Baina Les revenants ikusten ari zarenean bezala, ez da komeni larregi fidatzea, izan ere, Sanchezen garaipenak badu testuingurua eta baditu babesle ofizialak. Testuingurua: faxismoaren itzuleraren beldurrez bozkatu da, Frantziako Estatuan Le Penen aurka Macron hautatu zutenean bezala. Horrek PSOEren erabiltzaile bihurtu ditu boto-emaile ezkertiar asko. Horrek M15aren lurrinen bat eraman du Ferrazeko ospakizunetara hauteskunde gauean bertan. Babesleak: Financial Times, The Economist, Europako Batzordea eta Europako Banku Zentrala, besteak beste, Sanchezen alde agertu ziren kanpainako azken astean. Boto-emaile ezkertiar batzuek bakarrik ez, kapital handiek ere PSOErekin bidaiatzen dute.

Testuinguruak ala babesleek aginduko dute gobernua norekin osatu? Erabakia telesailetako erritmorik gabe har daiteke, hilabete barruko bozak kapitalizatu ondoren. Gero ipuinen ordua izango da: Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu izeneko liburu bat dago Txalaparta argitaletxearen katalogoan, Sergi Pàmies kataluniarrak idatzia. Zitrikoaren izena aldatuta, hemen ia dena kontatuta gera daiteke.