Mexikoko Ciudad Juarezen, munduko "hiririk arriskutsuenean" bizi den atzerriko kazetari bakarra da Judith Torrea (Ilarregi, Nafarroa, 1973). Bertan bizitakoaren berri ematen du bere blogean, eta ez du beldurrik hiria kolpatzen duen fenomeno bortitzaren arduradunak izendatzerakoan.
"[Drogaren] jatorrizko eta bitarteko herrialdeetan, narkotrafikoak autoritateek sortu nahi izan ez duten edo ezin izan duten lana ematen die pobreei. Gero hil egiten dituzte (...) Droga trafikatzaile handienak politikari ustelak, dirua garbitzen duten bankariak, enpresariak...dira. Kate horretan hiltzen direnak egun bat gehiago bizi ahal izateko trafikatzaile bihurtutako kontsumitzaile txikiak dira. (...) Heriotzatik, New York-en kazetaritza egitetik, arimaren benetako heriotza dena, paso egin nuen, eta bizitzara igaro nintzen (...) Kazetariok kontatu beharreko istorioak kontatzen ez baditugu –eta ongi kontatzen ez baditugu– sarraskien, gerren eta genozidioen partedun bihurtzen gara. Ni ez naiz sekula hori bihurtuko (...) Kazetaritza misio bat da, lapurtzen diotenari ahotsa bueltatzea da".