Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.
Lapurtarren Biltzarrari dagokionez, azken urteetan ahal bezala aritu dira hitzordua aitzina eramaten, baina 2025ean, haatik, ez dute antolatuko. Biltzar Nagusian harturiko erabakia da, eta horren berri eman du Kazeta.eus komunikabideak. "Motibazio falta da, izan antolatzeko edo etortzeko", hori da Uztaritzeko festa hitzordua ez berritzeko arrazoia.
1979an sortu zuten festa eta azken urteetan parte hartzea gutxituz joan da. 2014an zenbait aldaketa egin zituzten egoerari buelta eman nahian, 2017an ere etenaldi bat egin eta gogoeta fase bat abiatu zuten gazteak erakartzeko asmoz. 2021ean berriz lotu zitzaizkion antolaketari, baina dirudienez ez dute nahiko indar kausitu dinamika berrian. Betidanik festa eta aldarrikapen politikoak uztartu dituen hitzordua izan da Lapurtarren Biltzarra. Sortzaileen artean izan zen zendu berri den Robert Hirigoien euskaltzalea.
Hala eta guztiz ere, transmisioa bideratu eta antolaketa belaunaldi berri baten esku uzteko irekidura dute orain arteko antolatzaileek: "Ez dugu gure burua gehiago ikusten antolakuntzan, baina prest gara transmititzeko baditugun jakintza eta elementu guziak, plazer handiz. Bikaina litzateke Lapurtarren Biltzarrak segituko balu", adierazi dio Xabi Etchegaray uztariztarrak kazeta.eus-i.