argia.eus
INPRIMATU
Lapurtarren Biltzarra ez dute egingo aurten, taldea berritzeko zailtasunen ondorioz
  • Urtero Uztaritzen egin ohi den Lapurtarren Biltzarra bertan behera utzi dute aurten antolatzaileek. Festa prestatzeko taldea ez dela berritzen eta "akituta" daudela azaldu dute.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 23a
Duela 40 urte ekin zioten Lapurtarren Biltzarra ospatzeari (arg.: Gure Irratia)

38. edizioa behar luke aurtengo Lapurtarren Biltzarrak, baina ez da egingo. Horren ordez hausnarketa fase batean murgilduko dira antolatzaileak, festa egiteko jende gazte gehiago ez dutela ikusirik.

1979an sortu zuten festa eta azken urteetan parte hartzea gutxituz joan da eta "nortasun galera" ere izan du. 2014an zenbait aldaketa egin zituzten egoerari buelta eman nahian eta gazte taldeak erakartzeko, baina ez da nahikoa izan. Sortu zenez geroztik bigarren aldia da biltzarra ospatuko ez dena.

Erabakia hartzea "mingarria" izan dela aitortu dio Mediabask-i biltzarrean ibilbide luzea egin duen Antton Lanesek, baina festa ez dagoela "lurperatuta" ere gaineratu du. Antolatzaileek esperantza dute erabakia pizgarri izango dela aurrera begira.