argia.eus
INPRIMATU
Lapurdin urre meategia egin nahi duen enpresako jabearen etxean garabiekin ekintza egin du Bizi!-k
  • Bizi!-ko 17 kidek ekintza egin dute garabiekin, Lapurdiko hamaika herri kaltetuko dituen urre miaketa proiektua salatzeko, Sudmine enpresaren presidentearen etxe aurrean egin dute protesta, Seichebrières herrian (Frantziako Estatua) Euskal Herritik 700 kilometrora.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 14a

“Urre meategiei ez” leloa mezua eraman diote Sudmine enpresaren jabeari eta bide batez larunbatean Baionan, Stop Mines kolektiboak deituta, lelo bera duen manifestazioan parte hartzeko gonbidapena zabaldu dute.

Garabiarekin enpresak egin dezakeen suntsiketa irudikatuta, enpresaburuaren bizilagunei mezua zabaldu diete Bizi!-ko kideek eta herriko alkatearekin batzeko aukera izan dute.

2015ean 126 kilometro koadroko eremu batean urrea bilatzeko esklusibotasuna dakarren baimen eskaera luzatu zion Sudminek Frantziako Estatuari, eta gobernuak azaroan erantzun dezake eskaera.

Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Jatsu, Haltsu, Itsasu, Larresoro, Senpere, Sara, Zuraide eta Uztaritze herriak eta bertako mendiak izango dira zuzenki kaltetuak.