argia.eus
INPRIMATU
Lapurdiko laborariek espekulazioa salatu dute Arrangoitzen, Danoneko nagusiaren opor-etxe atarian
  • ELB sindikatuak eta nekazaritzan hasi nahi duten gazteei lurra eskuratzen laguntzen dien Lurzaindiak deituta, hainbat herritar bildu dira Danone multinazionalaren buruak Arrangoitzen duen etxearen atarian Lapurdiko kostaldean lurrarekin egiten duten espekulazioa salatzeko.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko uztailaren 20a
ELB eta Lurzaindiak deiturik, herritarrak Arrangoitzen Danoneko buruak daukan etxe atarian. Banderolan, frantsesezko esaldiak dio: "Hemen bizi da laborarien odol-xurgatzaile bat" (argazkia: ELB).

Lehendik Arrangoitzen oporretarako villa bat (60.000 metro karratu lurrez inguratua) daukan Franck Riboud enpresagizonak erosi berri dio auzoko beste aberats bati etxea, honen 57.000 metroak ere bereganatuz. Operazioa 3,86 milioi eurotan itxi du.

ELBk eta Lurzaindiak asteazkenean, uztailak 19, Ribouden etxe atarian bildutako herritarrek salatu dute espekulazio horrekin  baserritarrak lurrik gabe utzi eta itotzen ari direla: "Etxe bakoitza 5 hektarea lurrekin salerosi behar bada, zenbat denbora gelditzen da kosta ondoko eremu hau osoki kolonizatua izan baino lehen CAC40ko [Espainiako IBEX 32aren pareko indizea burtsan] buruzagienganik, show bizz-eko ala kirol munduko jende famatuenganik, hemen lan egiten duten familiei lekua kenduz eta hiri bazterreko laborantza behin betiko desagerraraziz?".

Baserritarrek nabarmendu dute, gainera, kasu honek berekin dakarren eskandalua: esnearen prezioak hondoratuz sekulako benefizioak egiten dituen Danone konpainiaren burua da Arrangoitzeko lurren jabe egiten ari dena.

Hona zer dioen ELB eta Lurzaindiaren idatziak, osorik:

Hemen, aiserian bizi da laborarien larrutzaile bat !

Arrangoitzen gira egun, salmenta espekulatibo berri baten salatzeko, poderedunen ahalgegabea erakusten duena ere. Alabainan, Danone enpresako burua den Franck Riboud, bere etxe ondoko Alain Prost-en etxea erosten ari da, 5,7 hektara (57 000 m2) lurrekin, 3,85 milioi euroko prezio ikaragarrian. Riboud-k berak hemen duen etxeak 6 ha pasa (60 000 m2) dituelarik.

Lurrak galde haundia du eremu huntan, podere publikoek eraikuntza barreatuen kontra borrokatu behar dela diote eta indarrak galdegiten dituzte bide hortarik. Bainan ber mementoan dirudunak beti aiserian bizi dira. Franck Riboud auzoaren erosten ari da, bere esku bakarretan 11 hektara bilduz, goxa lekutako. Etxe bakotxa 5 hektara lurrekin salerosi behar bada, zonbat denbora gelditzen da kosta ondoko eremu hau osoki kolonizatua izan baino lehen CAC40ko buruzagienganik, show bizz-eko ala kirol munduko jende famatuenganik, hemen lan egiten duten familieri lekua kenduz eta hiri bazterreko laborantxa behin betiko desagertaraziz? Hemengo bi etxe hauetako lurra ez bada ere laborantxarendako erabilia aspalditik, holako salerospenek bide bat erakusten dute eta ondoko erosleek, hauek ere aberatsen mundukoak, ez dute gutiago egin nahiko. Azken urteetan, argiki ikusten dugu etxeak beti eta lur gehiagorekin saltzen direla, laborantxari kalte eginez aldi bakotx.

Arrangoitzen eta inguruetan oraindik gelditzen diren laborantxako lurrek presione haundia jasaiten dute (ohartu Franck Riboud-ren «baratzea» oraindik laborantxarako erabiliak diren inguruko pentzeak baino haudiagoa dela!). Dirudunek erosi ondotik, elikatzeko gaitasuna betikotz galtzen dute lur hauek. Hemen gaindiko salerospen guziak bezala, etxe hau ezin onartuzko prezio azkarrean erosia da, hemengo erokeri espekulatiboa haziz. Gertakari hau oraindik gehiago salagarria da ikusiz eroslea nor den: 3,5 M€ luzatzen dituena laborarien larrutzaile bat da. Danone enpresak sekulako benefizioak agertzen ditu esne sektoreak krisa larrienetarik bat bizi duelarik, ekoizleak galduz nasaiki.

Gaurregun behi esne prezioa 320€/1000 L pagatua da, ekoizpen gastuak 400€/1000L hurbiltzen direlarik: ekoizten duten litro bakotx, ekoizleek dirua galtzen dute, esnetegiko buruak bere sakelak sekula bezala betetzen dituen bitartean. 2016an, ekoizleen %41ak dirua galdu du (lan saririk ez), Danonek sekula egin ez duen irabazia eskuratu duelarik 1,9 miliar eurorekin, eta 2017ko irabazia haundiagoa izanen dela diote enpresak eman informazioek. Ekainaren 22an, MSAko buruzagitzak zion Frantziako laborarien erdiak 350 euroz petik irabazi zuela hilabetean 2016an, hain segur Danoneko buruzagiek egun erdiz irabazten dutena. Horrelako lan sariarekin, esne ekoizle batek 850 urtez lan egin behar luke Danoneko buruak  erosten duen bigarren etxe hunen pagatzeko. Nola ez asaldatu holako gauzen aintzinean?

Duela zonbait urte oraindik, esne hazkuntzak baziren Arrangoitze, Arbona, Basusarriko alde huntan. Preseski, Danone bezalako talde haundiek bultzatu mondializazioak (dakarren alde bateko krisekin) eta lurrari buruz den presione azkarrak laborantxa bizia desagertarazi dute eskualde huntan. Departamenduan 700 esne etxaldez petik bada gaurregun, 1100 desagertu dira 2000 urtetik hunarat. Ez dugu onartzen gure lan saria ebastea, ez eta gure lurren hartzea. Ez dakigu zergatik holako ixiltasuna baden gertakari hauen aintzinean.

Emmanuel Macron-ek gaur idekitzen dituen Etats généraux de l'Alimentation delakoek orekak finkatu beharko dituzte laborari eta agroindustriako eragileen artean, ekoizpen gastuen heinean bederen pagatuak izan gaiten. Borondate politikoa eta tresna legislatiboak beharrezkoak eta urgenteak dira laborantxako lurraren desagertzeari buru egiteko ere. Besteak beste, behar dira :

- Laborantxa babesten duten eremuak (ZAP, Zones agricoles Protégées) plantan ezarri, tresna hau hautetsien eskutan da hirigintza dokumentuen egiteko,

- Safer-aren prempzio eskubide partziala azkartu, lur ainitzekin egiten diren saltzeetan lurra bereskuratzeko,

- Bigarren etxe bizitzeri buruzko zerga hein azkarrenean aplikatu (%60) legezko eremuko herri guzietan (eta lan legislatiboa eraman zerga lurralde guzietan aplika dadin).