argia.eus
INPRIMATU
Ibilbide dekolonialak (II)
Lapurdiko kosta: Bois Caïmaneko erresonantziak

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko abuztuaren 19a
Lohobiage-Enea jauregia, aurrean Donibane Lohizuneko portua duela.

Azal beltza eta ile kizkurra gorabehera, gizaki garaiezinak izaten jarraitzen zuten, gizakien adimen eta erresuminarekin”. Hala idatzi zuen esklaboen inguruan CRL Jamesek, Haitiko iraultza maisuki kontatzen duen Jakobino Beltzak liburuan. Hainbeste basakeria, tortura eta mutilazio, haiek otzan mantentzeko… eta azkenean garaiezin, gizakiak izaten jarraitzen zutelako. Haitiko Bois Caïmanen budu erritual baten ondoren esklaboek jaurtitako oihua Baionako karriketaraino ere iritsi zen 1791n, eta gaur egun karrika berak zapaltzean suma dezakegu oihartzuna. Nantes, Arroxela eta Bordelerekin batera, esklabo trafikoan Atlantikoko portu nagusietakoa izan zen Baiona XVIII. mendean.

Bokale ingurura joan gaitezke hasteko, hiriko portua (1) zegoen tokira, egun industriek erabat desitxuratua. Moila horietan eraiki ziren Afrikako kostaldera eta Amerikako frantziar kolonietara abiatzen ziren itsasontzi mordoa. Jean Mettas historialariak dio XVIII. mendean gutxienez hamar espedizio irten zirela Baionatik esklabo bila: Pierre Dolhondek 1765ean gidaturiko L’Hereuse ontziarena dugu adibide (249 esklabo). Hemen egin zen –eta hemendik irten– 1761ean L’Utile ontzi ezaguna, Tromelin irla ñimiñoan 80 esklabo abandonatu zituena zorigaiztoko patuaren pean –eskifaiako kide ugari euskaldunak ziren–.

Portuan ez ezik, Baiona zaharrean ere aurkitu ditzakegu kolonialismoa eta arrazakeria darien tokiak, iragan inperial baten izendegian barrena. Mémoires et Partages elkarte anti-arrazistak bisita gidatuak egin izan ditu horiek ikustarazteko. Aturriren bestaldean, Saint Sprit auzoan, afrikar diaspora presente dago oraindik; Didam arte espazioa (2) “itsas gaietarako” eraikina zen duela hiru mende, eta haren parean kontatzen dute nola abolitu zen 1848an frantziar kolonietan esklabotza. Baiona Handian berriz, geldiunea egiten dute espedizio horiek finantzatu zituzten Philibert de Gramont (3) gobernadorearen eta Léon de Brethous (4) bankariaren izena daramaten kale eta hotelaren aurrean. Ez dago kartelik hori jartzen duenik.

Elkarteak, bere kontzientziazio borrokaren ondorioz lortu du Cafe Negro (5) kafetegiak izenez aldatzea eta ahalegin horietan ari dira Biarritzeko La Negresse (6) auzunearekin ere.

Zenbat nomenklatura gutxiesgarri. Ziburura jauzi eginez gero, beste bat: Belzenia (7).  Jauregi hartako etxoletan esklaboak giltzapetzen zituztela adierazten digu izen horrek. 1802an esklabo andana eduki zuten bertan, Michel Joseph Lerembure anti-abolizionista donibandarrak aginduta, Haitiko bere kafe soroentzako. Aberastatsun horren bidez, bere seme Paul-Salvador ezkondu eta eskuratu ahal izan zuen Donibane Lohizuneko Lohobiage-Enea (8) edo "Luis XIV.aren etxe" ikusgarria, egun bere oinordeko batek irribarretsu erakusten duena, Bois Caïmaneko erresonantziei entzungor.

 

[Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]