Urrea, urrea ba omen da Itsasu Basaburun! Zer dio ments horrek pentsatuko duzue lerro hauk irakurtzen hastearekin. Alta, zorionez edo zoritxarrez, bada zinez urrea Basaburun. Argitxu Beyrie ginuen hizlaria Sanoki gelan duela zenbait aste. Gure herritar jakintsunak, arkeologia baitu ofizio, agertu dauku labur bada labur nolako harrobiak eta metalki miaketak izan ziren duela hogoita hamar mende edo gutixago Ipar Euskal Herri huntan.
Artzaingoak eta laborantzak gure mendi mazelak eta haran zolak beretu aintzin, hemen gaindiko bizitzalek, taldeka edo leinuka bizi ziren Tarbeli eta beste euskaldun arbasoek, harrotzen zituzten sekulako lur metak burdin, kobre, berun, zilar edo urre biltzeko. Banka edo Arrosa ezagunagoak dira naski kobre edo burdinarentzat, aldiz Itsasu-Ezpeleta inguruetako lurrek arrakasta gehiago zuten urre burdina baitzuten. Itsasuarrek baginakien aspalditik Intermarché gibeleko tontorreria hori ez zela baitezpada naturaren ondorio hutsa, gizonek ere utzia zutela noizbait beren hatza. Eta entzuna ginuen, erdi sinetsia, urre miaketek zituztela sortuak horko munho bereziak. Argitxuk hori guzia baimendu dauku.
Gehiago harritu gira aldiz agertu daukularik gure Basaburuko Urzumu mazela guzia, erakutsiz oihanez estaliak ziren errekak ez zirela osoki naturalak, ez zirela ur iturrien ixuriek zizelkatuak mendez mende. Argitxurentzat lehengoak, aspaldiko euskaldunak, antolatzen ziren ur bideak erreka horietan behera igortzeko, lurraren garbitzeko, urre lumak bilduz ardi ile ala iratze ezpal batzuetan. Ez dakigu nundik zuten aldiz ura Ursumu gainean, ala parreko Atharri mazelatik jausten ote zuten oldarrean upatzeko Urzumu gaineraino...
Harri urrea bada nunbait Urzumuko lur sabelean, eta betidanik urre luma ateratzen dukete iturriko urek. Zorion gozoa izan liteke berri hori Basaburuko laborarientzat, aski baginu urre biltzaile bihurtzea eguneroko ogiaren irabazteko. Zorigaitza aldiz heldu balizkigu kanpotik urre biltzaileak, eta bada denek aipatzen duten Submine enpresaren proiektoa zintzilik Lapurdi aldean.
Lasai zaudezte, ez dugu asmorik berehala uzteko urre miatzaile enpresarik gure auzoan. Zaudezte erne, segituko baitugu barazki fresko saltzen, eta nork daki ez ditugunez porru eta pastinarreak beren lurrarekin banatuko saskitan udaberritik aintzina. Hor dituzkezue zuek ere etxeko sukaldean urre lumak. On dagizuela!