Uztaritze aldera doa edota dator Korrika. Baxenabarre eta Lapurdi artean ibili ondoren, Dantxarine –mugan beheiti– Elizondo, Iruñea, Tolosa, Hernani, Irun, Bera, –mugan goiti– Azkaine, Sara eta Senperen gaindi ibiliki iritsi(ko) da Lapurdiko antzinako hiriburura.
Milaka korrikalarik lagundurik ibili da hiru egunotan. Euskahaldun! leloa daraman lekukoa airez aire aldatua izan da, eskutik eskura. Lekukoa martxoaren 21ean –gaueko 22:14an– izanen da herriko plazan.
Uztaritze ez da edozein plaza, alajaina! Lapurdin, Ipar Euskal Herrian zein Euskal Herri osoan bada nor uztariztarra. Ideia baten egiteko: Frantziako Iraultzaren garaian –1789tik 1799ra bitartean– 1.877 ziren uztariztarrak, denak euskaldunak hain ziur ere. Horietako gehienak, naski, elebakarrak!
Lapurtarren Biltzarra zegoen bertan. Erdi Arotik Frantziako Iraultzara arte Lapurdi gobernatu zuen batzarra zen. Euskal Herriko beste herrialdeek beren Batzar Nagusiak edo Gorteak zituzten bezala, Lapurdik bere botere legegile eta zerga ezartzailea zuen: Biltzarra. Bai horixe!
Uztaritzen egun ez dago Lapurdiko Biltzarrik, maleruski, baina Lapurtarren Biltzarra jaia ospatzen dute urtero. Udako Euskal Unibertsitateak 1976-97an bertan egin zituen hirugarren eta laugarren ekitaldiak. Euskal Kultur Erakundea (EKE) Lota Jauregian dago eta Gure Irratiak bertan du egoitza.
Uztaritze entzutetsua izan da berriki. Zer dela eta? Bada, “frantsesa baztertzea leporatuta”. Egia al da? Bai, hala da. Baionako suprefeta Patrick Dallennesek jarri zuen salaketa: “Euskara ofiziala izendatzea legearen kontrakoa da”. Herriko Etxeko Kontseilu berriak euskara ofiziala izendatu baitzuen iragan urtean. Suprefetaren manua gutxi balitz, Paueko Pierre Andre Durand prefetak ere salaketa berretsi zuen segidan. Ondorioz, Paueko administrazio Auzitegiak Uztaritzeko Herriko Etxea auziperatu zuen.
Herriko Etxeak, auzitegietan petzero dela jakinik ere, Uztaritzen euskara frantsesaren maila berean emateko parioari eutsi izan dio. Epaileek, bistan da, “frantsesa soilik dela ofiziala”, berretsi dute. Konstituzioaren bigarren artikuluak dioenez, “Frantsesa da Errepublikako hizkuntza”. Bakarra.
Uztariztarrek aldiz “ez horixe” diote. Herria Bizi Dadin taldeak sustatzen duen Herriko Etxeko Kontseilu berriak halaxe erabaki zuen bederen. Bruno Carrere auzapeza buruan buru.
6.000 bizilagun dira egun Uztaritzen. Herriko Etxeko 29 hautetsietatik 22k euskararen ofizialtasunaren aldeko boza eman zuten, beste zazpiek ez zuten aurka egin. Hautetsi berriak aitzindariak dira, iraultzaileak nolabait. Horien artean, eta besteak beste, Uztaritze Baiko hautetsi abertzale eta Hizkuntza Politikarako arduradun If Matxikote. Belaunaldi baten lekukoaren eramailea. Euskahaldun! leloa, aldarrikapena baino gehiago dela dioen euskararen lemarekin tematurik, Frantziako Estatuaren aurka deman aritzeko prest: “Guk euskara ikasi dugu euskaraz bizitzeko. Ez dugu hautu hori egin itxura egiteko, hautu bat da, ez hautu polita edo ausarta”, erran digu berriki If Matxikotek.