argia.eus
INPRIMATU
Lapurdi zeharkatzekoa duen AHT proiektuaren aurka mobilizatzeko deia luzatu dute
  • Lapurdi zeharkatuko lukeen AHT egitasmoa aitzina doala salatu du ingurumenaren alde dabiltzan elkarteen artean osaturiko CADE kolektiboak. Urriaren 12 eta 13rako jarri du hitzordua, Gironda eskualdean Lurraren Altxamenduak sareak antolaturiko protestari sostengua erakutsiz.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko urriaren 04a
AHTren kontrako ekintza bat. Argazkia: CADE

Europako Batzordeak segitzen du AHTren egitasmoa aitzina eramaten. Uztailaren 17an plazaraturiko Europako Interkonexiorako Mekanismoaren 2023ko proiektu deialdiaren emaitzetan ageri da 19,5 milioi euro aurreikusten dituela Akize (Okzitania) eta Gasteiz lotuko lituzkeen AHT linea aztertzeko.  Hori horrela, isilean eta erdi-gordezka egitasmoa aitzina doala salatu du ingurumenaren babeserako elkarteek osaturiko CADE kolektiboak. Euskal Hirigune Elkargoak aurka bozkatu bazuen ere, egitasmoa finantzatzeko betebeharra izango lukeela deitoratu du Euskal Irratietan CADEko Pantxoa Tellierrek. "Injustizia fiskala" salatu du: AHT pasako den hirietan gutxienez 20 euroko zerga emendaketa izanen dute herritarrek 30 urtez.

Frantziako Garraio ministroak obren egitaraua baieztatu eta zehaztu zuen iazko urtarrilean: 2023aren bukaera eta 2024aren hasiera aldera, Bordele hegoaldeko eta Tolosa iparraldeko obren abiatzea; 2027an, zati komunaren eta Tolosara ala Akizera joateko bidebanatzearen eraikuntza; 2028an, Bordele-Tolosa trenbidearen obren hasiera, 2032an erabilgarria izan dadin; eta, horren segidan, Akizera doan trenbidearen eraikitzea. 

Urriaren 12 eta 13an mobilizazioa

Lurralde Altxamenduak sarea AHT egitasmoaren aurka mobilizatuko da urriaren 12 eta 13an. Gironda eskualdean jarria du ondoko protesta, lekua oraingoz gehiegi zehaztu gabe. Autobus bat abiatuko da Lapurditik urriaren 13an, eta interesatuak lekua erreserbatu dezake CADEri idatziz.