argia.eus
INPRIMATU
Lapurdi eta Gipuzkoa arteko autobidearen blokeoa abiatu dute laborari asindikalek
  • A-8 autobideko ordainlekua 12:00etatik 16:00etara blokeatzeko helburua dute. Traktoreak iritsi dira Bidasoaren bi aldeetatik. Sindikatuen borrokari dagokionez, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak hitzordu bat proposatu die ostiralerako EHNE, ENBA eta UAGA sindikatuei.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko martxoaren 07a

Whatsapp bidez antolatutariko laborariek ekintza berria abiatu dute ostegun goiz honetan. Ofizialki sindikatuetatik aparte kokatuz, "asindikal" gisa kokatzen diren laborari multzoak daude Hego zein Ipar Euskal Herrian, eta elkarrekin Gipuzkoa eta Lapurdi arteko autobidea blokeatzeko asmoa dute.

Whatsapp mezu bidez aritu dira laborariei –afiliatuak izan edo ez– gomitak bidaltzen, eta ikusteke dago zenbaten babesa jasoko duten. Kolapso "monumentala" aurreikusten dute antolatzaileek. Hitzordua 10:30ean jarri dute Irungo IAT gunean, hortik Biriatura joateko. Ipar Euskal Herrikoei dagokionez, taldean doaz A64 eta A63 autobideetara.

Ohar bidez azaldu dutenez, ultimatum bat helarazi nahi diete Europako Batasuneko, Frantziako eta Espainiako gobernuei: aldarrikapenei ez badiete erantzuten, ekainaren 1etik aitzina "mugarik gabe" mobilizatuko dira.

Sindikatuak ere mobilizaturik

Hego zein Ipar Euskal Herrian, mobilizaturik segitzen dute sindikatuek. UAGAk, eta Trebiñu eta Araba Landaren Alde Elkarteak deiturik, martxoaren 5az geroztik Eusko Jaurlaritzaren aitzinean baturik segitzen dute hamarnaka nekazarik, beti ere traktoreekin. Hitzordua Gasteiz kolapsatu zuten lehen traktoreetatik hilabetera egin dute. Aldundiaren partetik "aurrerapausoak" ikusi dituzte azken egunetan, besteak beste, lehen sektoreak 2023an aurreratutako BEZa hilabete honetan itzultzeko engaiamendua harturik. Gainera, Naiz-ek jakin ahal izan duenez, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak hitzordu bat proposatu die ostiralerako EHNE, ENBA eta UAGA sindikatuei.

Arabako Foru Aldundiak, berriz, nekazaritza sektoreari laguntzeko bi deialdi onartu zituen martxoaren 5ean, eta guztira bost milioi euro inguruko zenbatekoa jarri du 2024rako, 2025erako eta 2026rako. Neurri horren bidez, nekazaritza eta abeltzaintza "modernizatu" nahi ditu instituzioak, "lehiakortasuna" eta "profesionalizazioa" hobetzeko asmoz. Sindikatuekin biltzekoak dira berriro ere, ondoko egunetan, aldarrikapen multzoaz solastatzeko intentzioarekin.

Nafarroako sindikatuek ere jarri dute hitzordua ostegun honetarako Iruñean. Hain justu, Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onartzekoak dituzte eta bozketa eguna hautatu dute mobilizaziorako. Goizean parlamentura sartzen entseatu dira hamarnaka laborari, baina Poliziak bidea moztu die. Euskalerria Irratia-k jaso du bideoan:
 

 

UAGA, EHNE Nafarroa eta EHNE Gipuzkoa martxoaren 19rako mobilizazio bat antolatzen dabiltza. Gasteizen jarri dute hitzordua.