argia.eus
INPRIMATU
Lapuebla de Labarcan izango da aurten Mintza Eguna, ekainaren 1ean
  • Euskal Herriko mintzalagunen festaren barruan, kalejira, herri-bazkaria, erromeria eta dantzaldia izango dira.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko maiatzaren 17a
Argazkia: Arabako Alea.

Euskal Herriko mintzalagunen festa nagusia Arabako Errioxan ospatuko da aurten, Lapuebla de Labarcan, ekainaren 1ean. Mintzalagunen mundura hurbiltzeko gonbitea luzatuko dute jaiarekin batera. TÚtik GUra! Ongi etorri Mintzalagunon mundura! leloa aukeratu dute Mintza Egunerako.

Lehen Mintza Eguna 2006an antolatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak, Iruñean. Ordutik urteroko zita izan da, eta Euskal Herriko hainbat herritan ospatu da: Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Murgian, Beran eta Atarrabian. Herri horietan euskara plazaratu eta jai giro ezin hobea sortzen da.

Mintzalagun, berbalagun zein mintzakide guztien jaia da Mintza Eguna, eta egitasmoetan parte hartzen duten kideek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko antolatzen da. Horretarako, egun osoko egitaraua izaten da. Herririk herri egokitzen den arren, honako ekintza hauek biltzen ditu normalean: hamaiketakoa, ibilaldi gidatua, kantu poteoa, herri bazkaria, bertsolariak eta erromeria. Gainera, bazkalostean esker emate ekitaldia izaten da. Mintzapraktika egitasmoetan borondatezko lanean aritu diren talde eta elkarteek mintzalagun guztien esker ona jasotzen dute, beren lanaren aitorpena egiteaz gain.

Euskaltzale asko biltzea espero da Lapuebla de Labarcan, Euskal Herri osoko mintzalagunen urteko hitzordua izaten baita. Mintzalagunek gonbidapen berezia luzatu dute euskaltzale guztientzako: "Etor daitezela ekainaren 1ean Lapueblara, gurekin batera euskaraz gozatzera". Euskaraz mingain eta zangoak astintzeko moduko egitaraua prestatu dute:

Egitaraua

11:30  Ongi-etorria eta hamaiketakoa herriko plazan.

12:00 Bi proposamen aukeran:

– Ardo eta olio dastaketa.

– La Puebla de Labarca ezagutuz ibilbide gidatua.

(bi ekintzak egiteko aukera egongo da).

13:30 Kalejira animatua eta poteoa. Herriko plazatik hasita.

15:00 Bazkaria. Ikastolan.

17:00 Esker-emate ekitaldia. Ikastolan

17:30 Erromeria. Ikastolan.

Bazkari txartelak eskuratzeko aukera www.mintzalaguna.eus webgunean izango da, baita aurreko Mintza Egunetako irudiak ikusteko aukera ere. Txartelak salgai maiatzaren 24a arte.

Albiste hau Arabako Aleak  plazaratu du. CC-BY-SA lizentziari esker ekarri dugu gurera.